Irene Sanchez-Escribano eta Hassan Chani garaile, euri eta lokatz artean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urt. 27a, 20:42
Eguraldi txarra izan da korrikalarien oztopo nagusia gaur goizean. Lasarteoriatarrei ez die gehiegi eragin, ordea: Jon Presa eta Raul Gomez Margallo seniorrek maila bikaina erakutsi dute Nazioarteko Krosaren 64. edizioan

Irene Sanchez-Escribanok eta Hassan Chanik inork baino lehenago zeharkatu dute helmuga goizeko bi lasterketa nagusietan. Bi horiek dira Nazioarteko Krosaren 64. edizioaren irabazle nagusiak, baina ez bakarrak. Eguraldi ezin kaskarragoari aurre egin, zapatilak ongi lotu eta Hipodromoko lokatzean lasterka egitera atera diren kirolari guztiena ere bada garaipena. Giro hotza, euria, txingorra, haizea... Koktel benetan gogaikarria. Lasarte-Oriako bi lasterkarik parte hartu dute eguneko azken lasterketan: Jon Presa gaztea senior mailan, eta Raul Gomez Margallo master mailan. Baldintza metereologikoak gorabehera, maila ederra eman dute biek. 40 minutu behar izan ditu Aloña Mendi taldeko atleta federatuak 10.600 metroko ibilbidea osatzeko. Gomez Margallo beteranoak ia bost kilometro korritu ditu, erritmo onean: hamasei minutu eta 43 segundo markatzen zituen kronometroak helmugaratu denean.

Gaztetxoak aritu dira goizeko aurreneko lasterketetan. Tartean, LOKE kirol elkarteko atletismo saileko hainbat neska-mutil. Benjaminen lasterketa mistoan ikusi dira kamiseta gorri gehien. Jubeniletan ere izan du ordezkaririk Lasarte-Oriak. Aimar Sukunza gazteak bederatzigarren denbora onena egin du: 16:45.

Erritmoa aldatu duen arte

Antolatzaileen asmoa garbia zen: atleta espainiar baten garaipena bilatzen zuten emakumezkoen lasterketan. Baita lortu ere, Irene Sanchez-Escribano lasterkari toledarra nagusitu delako. 3.000 oztopoen modalitateko Espainiako txapelduna da toledarra, eta erakutsi du zergatik. Lehenengo metroetan jarri da faboritoen multzoaren buruan, eta horrela jarraitu du ibilbideko ia bederatzi kilometroak osatu arte. Hasieran jendetsu samarra zen talde hori soiltzen joan da itzuli bakoitzean, hirukote bihurtzeraino: Sanchez-Escribano, Carla Gallardo palentziarra eta Belen Casetta argentinarra. Helmuga zeharkatzeko itzuli bat falta zela, erritmo aldaketa erabakigarria egin du Sanchez-Escribanok, eta bakarrik iritsi da, 32:07ko denbora eginda.

Gizonezkoen lasterketan hiru atleta gailendu dira hasieratik: Hassan Chani eta Alberto Rop bahreindarrak eta Nassim Hassaous espainiarra. Oso gogorra izan da hasiera lasterkarientzat: euria txingor bihurtu da, eta haize ufadak goizeko bortitzenak izan dira. Ekaitza baretzearekin batera hasi da argitzen lasterketa. Hiru atletek gero eta atzerago utzi dituzte gainerako korrikalariak. Kilometroak pasa ahala talde hori desegiten hasi da. Trebeak dira Rop eta Hassaous, oso, baina ziur aski Chanirentzat hobea da Nazioarteko Kroseko distantzia beste bientzat baino, 5.000 eta 10.000 metroetan marka bikainak egin izan dituelako Asian. Gaurkoa ere ez da batere makala izan, kontuan hartuta eguraldia oso txarra izan dela eta ibilbideko zati asko erabat lokaztuta zeudela. 33 minutu eta 35 segundo behar izan ditu bahreindarrak proba osatzeko. Hassaous izan da bigarrena, eta Rop hirugarrena.

Argazki galeria