Mikel Martija: "Astero hitz egiten dut Txema Indiasekin"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urt. 25a, 12:30
Leganes-Eibar partida "orekatua" ikusten du herritarrak. Santander liga ere adjektibo horrekin deskribatzen du. "Denboraldi honetan kiniela asmatzea oso zaila da"

Urte osoan dabil lanpetuta Mikel Martija (Lasarte-Oria, 1988), baina asteotan apur bat gehiago. Neguko merkatua irekita dago hilaren 31ra arte, eta fitxaketak egiteko premiarik ez badute ere, oso erne daude. "Elitean ari gara konpetitzen; ezin dugu beste aldera begira egon, ezin gara despistatu". 

Ezin dira despistatu bulegoan, ezta zelaian ere. Gori-gori dago Santander liga: 11 talde daude sei puntutan. Horietako bat da Eibar. 25 puntu bildu ditu orain arte. Azkeneko hiruak, astelehenean, Espanyoli 3-0 irabazita. "Ez geunden kezkatuta, baina bageneukan puntuak hirunaka ez pilatzeak sortzen dizun segurtasun falta hori", nabarmendu du Martijak. "Fase on batean dago taldea, ongi ari da jokatzen, baina merezi baino puntu gutxiago zakuratu ditu".

Eibarren tren berean bidaiatzen du Leganesek, baina hiru bagoi atzerago. 22 puntu dituzte zorroan madrildarrek. Elkarren aurka jokatuko dute bi taldeek bihar, 18:30ean, Butarquen (Madril). "Oso neurketa paretsua izango dela uste dut: biek dauzkate armak aurkariari min egiteko. Ea guk gureak baliatzen ditugun". Joaneko neurketan gipuzkoarrek irabazi zuten, 1-0. Oraindik asko falta da liga bukatzeko, baina partida guztiak final kutsua hartzen ari dira, oso orekatua dagoelako liga. Jauzi ederra emango lukete armaginek bihar irabaziz gero. Galduz gero, Leganesek harrapatu egingo luke Eibar, eta are gehiago estutuko litzateke sailkapena. "Dinamika onak mantentzea zailagoa da aurten, edonork daukalako gaitasuna edozeinen zelaira joan eta hiru puntuak bueltan ekartzeko, edo maila altueneko taldeak etxean estu hartzeko: Real Madrili irabazi diogu guk, eta Bartzelonari Leganesek, adibidez".

Aurten, "lasaiago"

"Puntuz eskas genbiltzan pasa den denboraldian neguko merkatua irekitzean, eta tentsio gehiagorekin egiten genuen lan. Lasaiago gabiltza aurten", dio Martijak. Jose Luis Mendilibar entrenatzailea "konforme" dago daukan jokalari taldearekin, eta ez dirudi fitxaketarik egingo dutenik. Horrek ez du esan nahi lanik egiten ez dutenik; jokalari askoren informazioa pilatzen jarraitzen dute. "Oso azkar aldatzen dira gauzak, egun batetik bestera batzuetan, eta, norbait fitxatu beharko bagenu, prest gaude". Fran Garagarzarekin batera egiten du lan herritarrak. Sei urte daramatza karguan. Entrenatzaile gisa hasi zen Eibarren, baina Garagarzak berehala ikusi zuen Martijak gaitasuna zuela idazkari tekniko gisa aritzeko. 

Eibarrek ez du inor ekarri merkatu honetan. Leganes, ordea, dezente mugitu da: Martin Braithwaite aurrelaria eta Vasyl Kravets ezker hegaleko atzelaria fitxatu ditu. Beste lasarteoriatar bat arduratzen da operazio horiek egiteaz: Txema Indias. "Oso harreman ona" dauka Martijak berarekin. "Astero-astero hitz egiten dugu telefonoz, gure taldeen partidei buruz hitz egiteko, jokalariez, futbolaz oro har... Elkar laguntzeko prest gaude".

Eibar eta Leganes antzera iritsi dira elitera. Kategoria apalagoetan urte askoan aritutakoak, talde "txikiak", erraldoi artean tokia egin dutenak. Bosgarren urtea dute lehen mailan gipuzkoarrek, eta hirugarrena madrildarrek. Jokalariak fitxatzeko daukaten ahalmena ere ez da oso desberdina, eta, Martijak dioenez, behin baino gehiagotan futbolari bera interesatu izan zaie biei. Adibidez, Martin Braithwaite. "Duela hiru urte ezagutu nuen aurrelari hori, Toulouse taldean jokatzen zuenean. Oso balorazio ona egin genuen bere garaian, eta Leganesek fitxatu du orain. Txemak ere guk fitxatutako jokalari bat baino gehiagoren informeak ere baditu, ziur". 

Beste herritar batek ere egiten du lan Leganesen. Lehen taldeko atezainak prestatzen ditu Joseba Ituartek. "Ezin izan dut pertsonalki ezagutu, lehen itzuliko partidan ez nengoelako Eibarren, baina nire familiako zenbait kidek txikia zenetik ezagutzen dute; oso pertsona jatorra eta langilea dela esan didate beti". 

Leganes-Eibar neurketaren emaitza edozein izanda ere, argi dago gauza bat: Lasarte-Oriak irabazi egin du.