Txema Indias: "Fitxaketa arrakastatsua izatea beti da loteria bat"

Adrian Garcia 2019ko urt. 25a, 13:00
Lehenengo mailako talde txikiek berebizikoa dute ongi fitxatzea, talde dirudunen aurka lehiatu ahal izateko. Horretaz arduratzen da Indias Leganesen 2015. urtetik

Bigarren mailan hartu zuen taldea, eta hirugarren urtea du lehen mailan. Leganes talde txikia izanik, munduko onenekin lehiatzeko tentuz hartu behar dituzte erabakiak. Hortaz arduratzen da Txema Indias (Lasarte-Oria, 1971). Michelin zelaian hasi zen futbolean, eta Bigarren B Mailan makina bat partida jokatu ondoren, eliteko kirolean jarraitzen du; bulegotik zuzentzen du orain kirol taldea. 

Sailkapenaren beheko zatia estu dago, eta Eibarren aurka "partida zaila" aurreikusten du Indiasek. "Azken norgehiagoka irabazita gora begiratzen hasi da Eibar. Desberdintasunak oso txikiak dira liga honetan". Estatistika eta zenbakiak begiratu zalea da herritarra, nahiz eta oraingoan ez izan haren aldekoak. "Lehen mailan oraindik ez diogu irabazi Eibarri".

Azken partida galdu arren, ongi jokatu zuen Madrilgo taldeak Bartzelonaren aurka. Estu hartzea lortu zuen, eta jokaldi polemiko bat tarteko aldendu ziren katalanak markagailuan. Edonola ere, zantzu baikor batzuk ikustarazi ziren. Neguko merkatuan eginiko fitxaketetako batek, Martin Braithwaite Danimarkako jokalariak, gola sartu zuen. Kirol zuzendariari egozten zaio fitxaketa baten errentagarritasuna, haren ardurapean baitaude kirolariei buruzko txostenak: "Jokalari bat fitxatzen duzunean espero duzu beste taldeetan jokatu duen antzera egitea zurean. Baina denok hartu dugu ezustea, Braihtwaite oso azkar moldatu delako hemen". Lau egunen buruan Santiago Bernabeun eta Nou Campen gola sartu du jokalariak. 

Futbolariei buruzko txosten horiek egiteko, ezinbestekoa izan ohi da zuzenean jokatzen ikustea. Baina beste informazio osagarriak ere bilatzen dituzte, ikusteko taldean ongi txertatuko ote den. "Informazio pertsonala, psikologikoki nolakoa den...". Halere, emaitza beti "loteria bat" izaten da. "Aldagelara, hirira, taldera... ohitu behar da, familiarekin batera. Erantzunik ez duten galdera asko daude". 

Urte "gogorra" kudeatu behar izan du Indiasek. Izan ere, Asier Garitano entrenatzailea fitxatu zuen Realak. "Leganesekin historia egin du. Haren inguruan antolatzen zen dena". Ez zuten ongi hasi denboraldia, baina "pazientziarekin" irauli dute egoera. Hain justu, Garitanok Donostian izan ez duena. "Oso triste jarri nintzen kaleratu zutela ikustean. Futbolean berehalako emaitzak nahi izaten dira". 

Halere, Indias ez da Leganesen dagoen herritar bakarra. Aurten Joseba Ituarte fitxatu dute, atezainen entrenatzaile gisa. Aspaldi ezagutzen dira elkar biak; aldagela berean ere egon dira. Michelinen eta Texas taldean aritu ziren txikitan. 

Michelinetik Leganesera

2013. urtetik Thailandian egon da Ituarte, Bangkok hiriburuko talde batean. "Futbolak arau berberak ditu toki guztietan, baina presioa eta exijentzia handiagoa da Espainiako ligan", kontatu dio txintxarri-ri.

Talde "familiarra" aurkitu du Ituartek. "Taldearen ardatza Bigarren B mailako jendeak osatzen du. Oso ondo hartu naute denek, baita Mauricio Pellegrino entrenatzaileak ere". Gustura dago gainera, atezainek duten mailarekin.  Bere garaian atezain izandakoa da Ituarte, baina onartu du ordutik asko aldatu dela futbola. "Orain oinekin oso ongi moldatu behar dute". 

Edonola ere, larunbateko partidan beste lasarteoriatar bat ere izango da: Mikel Martija. Harreman oso ona dute bi kirol zuzendariek. "Profesional bikaina da. Langile amorratua, eta behetik hasi da hura ere". Desio bakarra du Indiasek denboraldi amaierarako: Eibarrek eta Leganesek mailari eustea.