Urtarrileko azken igandea iritsi da, eta ohitura den legez, Donostiako Nazioarteko Krosa jokatuko dute. 64. edizioa honetan hiru kontinenteetako atletak izango dira lehian. Horietako batzuk, gainera, Europa, Asia edo Espainiako txapelketetan dominak eskuratu dituztenak. Lasarte-Oriak ere izango du bere ordezkaritza. Nazioarteko lasterketak baino lehen, maila guztietako probak ikusi ahalko dituzte zaletuek. Guztiek lokatzari, euriari eta hotzari aurre egin beharko diete.
12:30ean hasiko dira lasterketa nagusiak. Antolatzaileek Espainiako atleta baten garaipena bilatu nahi izan dute emakumeetan. Espainiako eta Europako txapelketetan lehen postuetan izan diren Maitane Melero, Irene Sanchez-Escribano, Elena Garcia, Alessandra Aguilar, Maria Jose Perez Escribano, Azucena Diaz, Zulema Fuentes-Pila, Carla Gallardo, Maria Pia Fernandez uruguaitarra eta Belen Casera argentinarra izango dira irteeran.
Gizonezkoetan, aldiz, nazioarteko korrikalariak izango dira. Europa, Asia eta Afrikako lehiakideek garaipena bilatuko dute. Faboritoen taldean Ayad Lamdassem, Fernando Carro, Housame Benabbou, Hassan Chani eta Albert Rop bahraindarrak eta Tesfaye Deriba etiopiarra daude.
Bi lasterketa nagusi hauetan, Euskadiko master txapelketa ere jokatuko da. Aurretik, 10:30ean, Master 55+ mailakoa izango da jokoan. Gipuzkoako kros Txapelketarako puntuagarriak izango dira proba guztiak.
Lasarte-Oriako korrikalariek ere nazioarteko atletekin neurtuko dituzte haien indarrak.
Trinko taldeko Jon Presak Mugerza kroseko esperientzia errepikatuko du, eta senior mailan lehiatuko da; master mailan berriz, Raul Gomez Margallo eta Gorka Gil izango dira.
Horiez gain, LOKEko eskolarteko mailako hainbat korrikalarik parte hartuko dute benjamin, alebin, infantil eta jubenil mailako lasterketetan.
Zaleek garrantzia handia dute nazioarteko krosean, horregatik antolatzaileek aurrez jarri dituzte sarrerak salgai. Bihar arte Gipuzkoako Atletismo Federazioan eta Donostiako Robers kirol dendan 6 eurotan salduko dituzte. Igandean bertan, Hipodromoko txarteldegian eskuratu ahalko dira, 10 eurotan. 12 urte baino gutxiagoko haur eta gaztetxoek sarrera dohainik izango dute.
Gipuzkoako txapelketa
Bestalde, LOKEko atletek Gipuzkoako absolutu mailako txapelketa lehiatu zuten urtarrilaren 12an, eta hainbat domina eskuratu zituzten.
Naroa Furundarena bigarren izan zen luzera jauzi eta jauzi hirukoitzean. Enara Gonzalez eta Oihana Igarrizek berriz, zilarrezko domina lortu zuten luzera jauzi eta pisu jaurtiketan.
Ordutegia eta proben luzera
10:00etan:
• Nesken 18 urtez azpiko proba 3.600 m.
• Nesken 20 urtez azpiko proba 4.600 m.
10:30ean:
• Mutilen 18 urtez azpiko proba 4.600 m.
• Master M 55+ proba 4.600 m.
• Mutilen 20 urtez azpiko proba 5.600 m.
11:00etan:
• Infantil nesken proba 1.600 m.
• Nesken 16 urtez azpiko proba 2.600 m.
11:20ean:
• Infantil mutilen proba 2.600 m.
• Mutilen 16 urtez azpiko proba 3.600 m.
11:45ean:
• Alebin nesken proba 1.600 m.
12:00etan:
• Alebin mutilen proba 1.600 m.
12:15ean:
• Benjaminen proba 600 m.
12:15ean:
• Emakumeen senior eta 23 urtez azpiko proba 8.600 m.
• Emakumeen master proba 4.600 m.
13:15ean:
• Gizonezkoen senior eta 23 urtez azpiko proba 10.600 m.
• Gizonezkoen master proba 4.600 m.