Eraikuntzak buelta asko eman ditu azken urteetan. Azken hamarkadako krisia gainditu du sektoreak, eta berriro hasi da suspertzen. Baina badu eskasi bat: langile prestatuak falta ditu. Horiek dira, hain zuzen ere, Lasarte-Oriako EAGI ikastetxeak prestatzen dituenak. Herritik bertatik atera gabe, eraikuntzako hiru ziklo eskaintzen ditu. Goi mailako Obra Enkargatu izateko bat, eta erdi mailako bi: Eraikuntza teknikaria, eta Obrak, Dekorazioa eta Birgaitzeko teknikaria. "Enpresek egunero deitzen digute langile prestatuen bila, baina ez ditugu nahikoa ikasle", adierazi du Lidia Alcerreca zentroko zuzendariak. Ate irekiak jardunaldia egingo dute urtarrilaren 30ean, asteazkenean, 16:00etatik 19:00etara. Ez bakarrik ikasleentzako; jakin-mina duen oro gonbidatu du zuzendariak EAGIra: "Inolako konpromisorik gabe, lasai etortzera".
Lanbiderekin eraikuntza partekatzen du EAGIk, Donostia Etorbidean bertan. Erakunde horretarako hainbat ikastaro ematen ditu, baina haren jarduna zabalagoa da. Euskadi Fp Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen sareko partaide da. Hori bakarrik ez: Gipuzkoan eraikuntza ikasi daitekeen bakarra da.
Lanbide Heziketa Dualari esker, ikasle askok lana egiteko aukera dute ikasi bitartean, soldata baten truke, noski. "Lehenengo urtetik aurrera dute horretarako aukera", ohartarazi du Alcerrecak.
Hiru dira eskaintzen dituzten zikloak. Goi mailakoak, Obrak Antolatzeko eta Kontrolatzeko goi mailako teknikariarenak, "eskari izugarria" dauka enpresen artean. "Enpresa handiak atzetik daude, enkargatuen bila. Egunero deitzen dute, baina ezin diegu zerbitzua eman, jenderik ez dugulako", dio EAGIko zuzendariak.
Izan ere, krisiaren ondotik eraikuntzako langile asko beste sektoreetara mugitu dira. "Orain igeltsero, pladurista eta pintore asko falta dira".
Igeltsero eta barruko obren teknikari izateko bi kurtsoak dira erdi mailakoak. "Errazak eta praktikoak" dira, aproposa ikasketetan liburu artean denbora gehiegi ematea gustuko ez dutenentzat. "Dibertitu egiten dira ikasgelan". Izan ere, beheko solairuan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera dute.
Beste gauza asko aldatu dira denbora gutxian eraikuntzan; orain eraikitzeko modua bestelakoa da. "Kodigo teknikoa asko aldatu da. Igeltsero batek ikasi egin beharra du, ez da soilik lanean ikasten". Hain justu, energia aldetik eraginkorrak diren etxeak eraikitzen dira egun, Passivhaus deritzonak. "Energia gutxiago gastatzeko etxeak nola egin irakasten dugu".