Aldundiari negoziatzen uzteko eskatu diote

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 25a, 10:10

LAB eta UGT sindikatuek salatu dute Buruntzaldeko autobus gidariek bi urte daramatzatela lan baldintzak eguneratu gabe. Kontzesio berria eman artean Gipuzkoako Aldundiak ez du baimenik eman lan hitzarmen berria negoziatzeko

Urte batzuk daramatzate TSST, Garayar eta HASA enpresetako autobus gidariak lan hitzarmena negoziatu ezinik. Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzesio berriak emateko aurreproiektua aurkeztu du, baina enpresek errekurtsoa jarri dute, eta ebazpenaren zain daude. Bitartean, ordea, langileek ezin dute lan hitzarmena negoziatu, eta autobusen flota berritu gabe dute. Horregatik protesta egin zuten asteazken goizean hiru enpresetako langileek aldundiaren aurrean, Donostian. Erantzukizunak hartzeko, eta arazoa konpontzeko eskatu diote. Langileek haien eskubideak defendatzeko mobilizazio gehiago iragarri dituzte. 

LAB eta UGT sindikatuek salatu dutenez, aldundiak ez die enpresei lan hitzarmenak negoziatzen uzten, behin betiko proiektua onartu ezean. Izan ere, enpresek honakoa argudiatu dute: hurrengo kontzesioaren oinarrian bukatuta dauden hitzarmenak daude, eta hobekuntza ekonomiko eta sozialak jasoko dituen beste hitzarmen bat negoziatzea gaizki ikusiko luke aldundiak.
Enpresek aldundiaren baimena behar dute, beraz, hitzarmen berri bat negoziatzeko. Izan ere, adjudikazioa beste enpresa batek lortuz gero, eta langileak autobus konpainia horretara igaroko balira, kontzesio berriarekin agian ezingo lukete hitzarmena bete. Horixe diote enpresek. 

Modu horretan, kontzesio berriaren proiektuaren "bidegabeko atzerapenak" bete-betean eragin die Buruntzaldeko autobus liniei. Eta horrek, langileak eta zerbitzuaren erabiltzaileak kaltetu ditu. Azken bi urteetan langileek ez dituzte lan baldintzak eguneratu. Sindikatuak kezkatuta daude, oraindik kontzesioaren adjudikazioak denbora gehiago iraun baitezake. Hori dela eta, negoziatzeko baimena eskatu diote aldundiari.