Danbor hotsak

Sebastian bat ba omen da zeruan, Donostia bat eta bakarra munduan. Joan berria zaigu San Sebastian eguna eta baita 24 ordu horietan Raimundo Sarriegiri egiten zaion etengabeko omenaldia ere

Sebastian bat ba omen da zeruan, Donostia bat eta bakarra munduan. Joan berria zaigu San Sebastian eguna eta baita 24 ordu horietan Raimundo Sarriegiri egiten zaion etengabeko omenaldia ere. Martxarekin batera beste hamaika pieza behin eta berriro entzuten dira Gipuzkoako hiriburuko kaleetan, bertako edo eta inguruko herriko ez bazara ulertzen zaila egiten den debozioarekin. Horretan jarri nahiko nuke arreta: Tafalla, Azpeitia, Lakuntza eta halakoetan sansebastianak ospatzen dira, baina bereziki Donostian, jakina. Baita inguru zabaleko herrietan ere ordea. Horietako bat, Lasarte-Oria. Txikitako oroitzapen polit askoak ditut Mitxelenaren ezinbesteko borondate onarekin nola egiten genituen entseguak Zumaburu auzoko etxepe batean. Danborrik ere ez genuen entseguetarako, lurra kolpatzen genuen bina makil hartuta. Ez zen gainera urtarrileko jaia ospatzeko, sanpedroetan jotzeko baizik. Lasarte-Oria herri (ondo kostata izan arren) bihurtu aurretik bazuen Donostiaren itzalaren eragina eta ondoren ere bai: alferrik da, metropoliak ohitura asko sortzen ditu inguruan. Horregatik, ia ia donostiar denaren alegrantziarekin gozatu dugu jai bitxi hori, egun bakar bat irauten duena (eskerrak! esango du batek baino gehiagok, danbor hotsak ez direlako luzeegi ere komeni) eta eskubide osoz lasartearrok ere "geure" sentitzen duguna. Danbor hotsak entzunez edo sortuz "beti pozez, beti alai" kantatu berri dugunoi zilegi zaigu Sarriegiren piezekin barrunbea mugitzea.