Danbor hotsez girotuko dituzte ikastetxeak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 18a, 13:00

San Sebastian eguna ospatuko dute gazte lasarteoriatarrek gaur arratsaldean, ostiralean. Soinerako apaingarriak prestatu dituzte egunotan, eta danborrak astinduko dituzte Landaberriko eta Sasoeta-Zumaburuko ikasleek

Makilak eskuetan hartu eta gogoz astinduko dituzte danborrak Lasarte-Oriako gazteek. Landaberriko zein Sasoeta-Zumaburuko ikasleek danborrada egingo dute gaur arratsaldean. Kapela eta amantala zuriak apaintzen aritu dira egunotan, San Sebastian eguna behar bezala ospatzeko, eta dotore aterako dira ikastetxeetako patioetara.

Zumaburuko haurrak 15:00etan bilduko dira auzoko Isla plazan. Donostiako martxa, Diana eta Tatiago doinu ezagunak joko dituzte, beste hainbaten artean. Sasoetako ikasleek, berriz,  15:45ean egingo dute danbor erakustaldia. 

Landaberri ikastetxekoek ere joko dute danborra. Garaikoetxea eraikinean, 16:00etan bilduko dira danbor doinu ezagunak jotzeko, eta Landaberri eraikinekoek ere ordu berean ospatuko dute danborrada, erdiko patioan. Igandean ere izango dira beste lasarteoriatar batzuk Donostian, bertako eskoletan aritzen direnak. 

Eguraldi txarrak mehatxu egin du egunotarako, eta baliteke  gaur euria egitea. Hala gertatzen bada, Zumaburuko haurrek eliza ondoko patiora lekualdatuko dute erakustaldia, eta Sasoetako ikasleek, berriz, Loidibarrengo pilotalekuan joko dituzte danborrak.