Arazoa konpontzen saiatzen ari direla azaltzeko prentsaurrekoa deitu du astearte goizean Udalak. Abenduaren hasieratik ari dira piano, solfeo eta abesbatzako irakaslearen ordezkoa topatu nahiean, baina ez dute prest dagoen inor aurkitu. "Hirurogei pertsonekin jarri gara harremanetan, baina ezezkoa eman digute guztiek".
Lan poltsa bateratu batera jo zuten lehen momentuan. 54 hautagai zeuden bertan, eta banan bana horietako guztiei deitu ostean, inork ez du postua onartu. Aukera hori baztertuta, Lanbide jarri dute deialdia, eta hiru hautagai iritsi bazitzaizkien ere, horiek guztiek baztertu egin dute proposamena. Horren ostean, Donostiako Musikenera (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) jo zuten laguntza eskatzeko. Bi hautagai aurkeztu ziren, baina horiek ere ezezkoa eman dute.
Bide horiek agortuta, enpresa pribauei eskatu diete laguntza. Kultur Etxeko ekitaldietan parte hartu duen El Taller enpresak curriculum bat bidali dio udalari, baina horrek ere ez du aurrera egin. Astearte goizean beste bat jaso dutela jakinarazi dute, baina aztertu egin behar da aukera.
Oztopo nagusia
Berezko irakaslearen bajak zenbateko iraupena izango duen ez jakitea da "oztoporik handiena" udalaren ustetan: "Kontaktatu ditugun hautagai guztiek argi esan digute ezin dutela dute utzi jakin gabe zenbat denborarako etorriko diren musika eskolara".
Deialdiarekin aurrera
Bien bitartean, publiko egin dute deialdia. Jakinarazi dute postuan aritzeko ezinbestekoak direla pianoko erdi mailako ikasketak, eta hizkuntza eskakizunean hirugarren profila izatea. Hala ere, Jesus Zaballos alkateak azaldu du hizkuntza eskakizun profil baxuagoa ere onartuko dutela, "musika eskolako ikasleek eskolak izateak baitu lehentasuna".
Astelehenetik ostiralerako eskolak eman beharko ditu irakasle berriak. Astelehenetik ostegunera 16:00etatik 21:00etarako ordutegia izango dute saioek. Asteartean 12:00etatik 14:30era ere eskolak eman beharko ditu, eta ostiral goizean ere 11:00etatik 14:30era.
Interesa duen edonork 943 37 61 85 telefono zenbakira deitu dezake.
Haserrearen aurrean ulerkor
Ulerkor agertu da Zaballos ikasle kaltetuekin eta haien gurasoekin: "Ulertzen dugu haien ezinegona eta haserrea, baina ezin dugu onartu udalaren kudeaketa eskasa eta etsigarria dela esatea". Irtenbide bat aurkitu arte euren esku dagoena egiten jarraituko dutela azaldu dute.