Gabonetan markak eta garaikurrak metatzen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 11a, 11:00
Buruntzaldea IKTko igerilariak nazioarteko eta herrialdeko sarietan lehiatu dira. Denboraldi hasierako prestakuntzak saria du; maila ederrean lehiatu dira, hainbat marka pertsonal birrinduta. Entrenamendu eta formazio saioak ere izan dituzte

Buruntzaldea IKTko kideek ez dute atsedenik izan Gabonetan.  San Esteban Saria, Eguberrietako Nazioarteko Saria, Hernaniko Saria… maila guztietako igerilariek haien abilezia erakutsi zuten. Guztira 22 marka pertsonal, taldeko zazpi errekor berri eta hainbat domina eta garaikur eskuratu zituzten. Asteburu honetan, Gipuzkoako Kluben arteko Kopa lehiatuko dute Tolosan.

Abenduaren 29an, Eguberrietako 36. Nazioarteko Saria jokatu zuten Donostiako Paco Yoldi igerilekuan. Buruntzaldea IKTko 11 igerilari izan ziren kanporaketetan; hamar  taldearen izenean, eta Ainhoa Martin, berriz, Euskadiko Selekzioarekin. 11 marka pertsonal eta taldeko zazpi errekor berri finkatu zituzten. 

Gainera, zazpi finaletan ere egon ziren. Ainhoa Martinek 100 m. bular eta 200 m. lau estiloetako finalak lehiatu zituen; bietan bigarren izan zen, nazioarteko igerilarien atzetik. 50 eta 100 metro bizkar eta 200 metro lau estiloetako probetako  finaletan izan zen Leire Martin. Laugarren, hirugarren eta seigarren postuetan amaitu zituen probak, hurrenez hurren. Nahai Zudairek eta Nathalia E. Torresek, berriz, igeriketa egokituko 50 m. libreko finaleko lehen bi mailak eskuratu zituzten, Zudaire nagusi izan zen proban.

Hernaniko Saria

Egun horretan bertan, arratsaldean, Hernaniko XXI. Sarian parte hartu zuten. Unai G. Somovilla txapeldunorde izan zen. Gainera, denera hiru urre, bi zilar eta brontze bat kolkoratu zituzten Buruntzaldea IKTko igerilariek. 

Sari horretan 100 metro lau estiloetako proba egin zuten guztiek. Horrez gain, 100 metroko proba bat ere lehiatu zuten. Puntu gehien lortzen zituenak eskuratuko zuen sariko garaikurra. 
Unai G. Somovillak derrigorrezko proban urrea eskuratu zuen, eta zilarra 100m. bular proban. Horri esker, gizonezkoen txapeldunorde saria jaso zuen.

Beste dominei dagokionez, Aintzane Sarobek urrea eskuratu zuen 100 m. bizkar proban, eta Nerea Santosek 100 m. libre  proban. Nora Imazek bigarren amaitu zuen 100 metro bular proba eta Eneko Elizasu podiumeko hirugarren maila izan zen 100 m. libre proban.

San Esteban saria

Taldeko txikiak berriz, urteari amaiera emateko Oiartzungo San Esteban Sarian izan ziren. Borka Apeztegia entrenatzaileak azaldu moduan, igerilariek proba bat aukeratu behar zuten. "Txikienek, 2010. eta 2009. urteetan jaiotakoek, tximeleta, bizkar, bular edo estilo libreko 50 metroko proba bat zuten aukeran. Gainontzekoek, berriz, estilo horietako 100 metroko proba bat".

Txikiak izan ziren lehenak igerilekura jauzi egiten. "Guztiak txukun aritu ziren orain arte ikasitakoa baliatuz eta giro paregabean". Benjamin eta alebinak ere "bikain eta gogotsu" aritu ziren.
Igerilari guztiek domina eta saritxoa jaso zuten parte hartzeagatik, baina hainbatek garaikurrak ere eraman zituzten. Egindako lanari esker, Buruntzaldea IKT sariko txapeldun izan zen.

Teknifikazioa eta formazioa

Bestalde, urtarrilaren 4an Gipuzkoako Igeriketa Federazioarekin teknifikazio saioak egin zituzten Ainhoa Martin, Leire Martin, Aintzane Sarobe eta Nahia Zudairek.Bien bitartean, taldeko entrenatzaileek ere formazio saioak izan zituzten.