Hiru errege, hamaika opari

Lasarte-Oriako haur asko pozik jostatu dira gaur Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek oparitutako jostailuekin. Ongietorri beroa egin diete herritarrek, urtero bezala

Opari asko eta ikatz gutxi utzi zuten errege magoek lasarteoriatarren etxeetan, atzo gauean. Meltxor, Gaspar eta Baltasar poz-pozik aritu ziren lanean, herritarrek emandako ongietorri beroa ikusi eta sentitu ostean. Megaba elkartea arduratu zen atzoko kabalgata antolatzeaz, urtero bezala. Zenbait berrikuntzarekin, gainera: Jalgune elkartearen karroza konpondu zuten, eta karpa berri bat jarri Antonio Mercero gunean, Jesus haurtxoari eta gurasoei harrera egiteko. Kabalgatan egoterik izan ez bazenute, lasai, argazki galerian ikus dezakezue nolakoa izan zen.

Arratsaldean zeharkatu zuten herria errege magoek, baina goizean iritsi ziren Lasarte-Oriara. Atsobakar adinekoen egoitzan dauden pertsonekin egon ziren, opariak eta irribarreak banatzen. Bazkaldu eta atseden pixka bat hartu eta gero, haurren eskutitzak jaso zituzten Brigitarren komentuan, pajeen laguntzarekin. 

18:30ean abiatu zen kabalgata, Oria auzotik. Biyak Bat egoitzan egin zuten aurreneko geldialdia, urtero legez. Pozarren jaso zuten bisita bertan zeuden adineko pertsonek. Kale Nagusia zeharkatu zuten gero, eta Brigitarren komentura abiatu. Mojak ikustera sartu aurretik, Jesus haurtxoari eta gurasoei urrea, mirra eta intsentsua eskaini zizkieten. Komentutik atera, eta Kale Nagusira berriro. Errepidea, garbi; espaloiak, jendez beteta. Zaila zen asmatzea zeintzuk zeuden ilusionatuago: haurrak, gurasoak edo aiton-amonak. Guztiek jaso zituzten gozoki pila bat, nekatu arte aritu baitziren hiru erregeak. Tajamarreko biribilgunera iritsi, eta Pablo Mutiozabal kalera jaitsi ziren gero. Geltoki kalea zeharkatu eta Okendo plazara joan ziren. Atzealdetik sartu ziren, zuzi-argi emaileek osatutako bi ilarak zeharkatuz. Jesus haurtxoarekin eta familiarekin egin zuten topo han, berriro. Eskaintza egin, eta su artifizial koloretsuak ikusi zituzten. Protokoloarekin bete, eta udaletxe berriko balkoira igo ziren, herritarrak agurtzera. Meltxorrek gaztetxo baten gutuna irakurri zuen, euskaraz. Gaztelaniaz hitz egin zuten Gasparrek eta Baltasarrek.

Kabalgatan, nekatu ordez, indarberritu egin ziren hiru erregeak, lasarteoriatarren maitasun keinuei esker. Primeran etorri zitzaien hori, gau luzea zeukatelako aurretik.