Areto futbolak ez du oporrik hartu Gabonetan

Areto futbolak ez du oporrik hartu Gabonetan
Eguzki Areto Futbolaren eskutik, dozenaka neska-mutilek gozatu dute kirolaz Gabonetan. Michelingo pilotalekuan jokatu dituzte finalak

Areto futbola kirol erakargarria dela ikusi dute herriko hainbat neska-mutilek. Ikusteke dago etorkizunean talderen batean jokatzera animatuko diren, baina Eguzki Areto Futbolak antolatutako Eguberrietako txapelketan primeran pasa dutenik ezin uka. Benjamin, alebin eta infantil kategoriako dozenaka gaztetxok majo izerditu dute azken bi asteetan, Michelingo pilotalekuan. Atzo goizean jokatu zituzten finalak. Argazki galerian jaso ditu Txintxarrik partidetako hainbat irudi.

Arratoien eta otsoen arteko neurketa izan zen goizeko lehenengoa. Los Ratas eta Otsoak taldeak iritsi ziren final handira. Hogei minutuko bi zati jokatu zituzten, emozioz beterikoak: Otsoak gailendu ziren azkenean, 1-2. Alebin eta infantil kategorietako partidak ez ziren horren parekatuak izan, markagailuari begiratuta behintzat. Lagunak eta Tigres con garrapatas aritu ziren nor baino nor gehiago alebin kategoriako azken norgehiagokan. 0-3 irabazita, Tigres con garrapatas izan da txapelduna. Bukatzeko, infantiletan, Dinamo Lasartearrak taldeak Gure Bidearen aurka jokatu zuen. Azken horiek ez zieten inolako aukerarik eman; 0-5 irabazi zuten. 

Finalera iritsi edo ez, irabazi edo galdu, talde guztiek jaso zuten domina bana, ur edo freskagarri botila bana eta patata frijitu poltsa bana, parte hartzea eta areto futbolaz gozatzea direlako txapelketaren helburu nagusiak. Hainbat produktu ere zozketatu zituzten antolatzaileek; kirol ekitaldiaren babesleek eman zizkieten. "Eskerrak eman nahi dizkiegu Balerdi Harategia, Trumoi taberna eta Matutanori, emandako laguntzagatik", nabarmendu zuten Eguzkiko kideek.