Sormenari ezin zaio hesirik jarri

Hainbat euskal presok sortutako lanak musika eta ipuin bihurtu dira Manuel Lekuona kultur etxean, Presoen Lagunak taldeak egindako errezitaldiaren IX. edizioan. Azkena izatea nahi dute antolatzaileek

Bazen behin Lasarte-Oriako elkarte bat, Presoen Lagunak, errezitaldiak antolatzen zituena etxetik ehunka kilometrora zeuden euskal presoak egun batez gertuago sentitzeko. Urtero-urtero aldatzen dute gaia eta gogotsu entseatzen dute, azkeneko aldia izango denaren esperantzarekin. Horrela has zitekeen ostiral arratsaldeko ekitaldiaren kontaketa, ipuin formatuan. Ez kazetariaren kapritxoagatik, aurtengo errezitaldiaren gaiarekin bat egiteagatik baizik. Hainbat euskal presoren sormen lanak musika eta ipuin bilakatu zituzten herriko eta beste toki batzuetako zenbait artistak. Pertsonak sartu daitezke espetxeetan, sartu daitezke barrote artean, baina sormenari ezin zaio hesirik jarri. Argazki galerian ikusi dezakezue hori.

Jabi Gallaga, Ibon Fernandez Iradi, Aitzol Iriondo, Itziar Moreno, Iratxe Sortzabal, Sara Majarenas, Mikel Antza eta Iurgi Garitagoitiak askatu dute irudimena aurtengo errezitaldian, eta euren istorioak paperera eraman dituzte, Lasarte-Oriara bidaltzeko gero. Ia bi orduko bidaia egin zuten ostiralean, ikus-entzuleekin batera, Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan.

Sormena musikatuz

Makulu Ken Lasarte-Oriako taldeak ireki zuen errezitaldia. Elefantea abestia jo zuten aurrena, eta duela lauzpabost urte Iurgi Garitagoitiak bidalitako abesti bat gero. "Oso alaia da kantua", nabarmendu zuten musikariek. Letrak horrela dio: "Begira zer den gaueko leihotik ikusten dena; nola ez zara ederrena izango?. Itziar Arteaga, Pablo Barrio eta Unai Muñoa atera ziren gero oholtzara, Jabi Gallagak errezitaldira eramandako edukia aurkeztera. Kontatu zuten eskatu ziotela esateko zein den bere abestirik gustukoena, eta esplikatzeko zergatik. Gallo rojo, gallo negro izeneko abestia gustatzen zaio Kordoban preso daukaten lasarteoriatarrari, etxetik ihes egin behar izan zuenean eta Euskal Herri iparraldera joan zenean askotan entzuten zuelako, eta oroitzapen onak ekartzen dizkiolako. Muñoa bertsolariak kantuaren doinua hartu, eta zenbait kopla egin zituen. "Bai, gure esku dago, entzun behar gaituzte gero eta ozenago", esan zuen.

Bertsoetatik, ipuinetara. Lannemezango espetxetik (Frantzia) bidali zuen istorioa Ibon Fernandez Iradik. Bi seme-alaba dauzka, eta askotan galdetzen omen diote ea zergatik espetxeratu zuten. Buruari zenbait buelta eman eta gero, erabaki zuen erantzutea "Euskal Herriaren alde lan egiteagatik" sartu zutela kartzelan. Semea konbentzitu zuen antza, baina alaba, ordea, ez. "Aita, inor ez dute sartzen espetxean lan egiteagatik", hausnartu zuen neska txikiak. Aita pentsakor utzi zuen esaldi horrek, eta errezitaldira bidalitako testuan zioenez, beste erantzun bat ari da prestatzen orain. Herritar talde batek eman zion kolorea eta forma istorioari. Bien bitartean, Xumela abesbatzako kideek abestu zuten.

Pil, ipotx ibiltaria

Hainbat eta hainbat kilometroz ibili ostean, energiaz beteta iritsi zen Pil ipotx ibiltaria kultur etxera. Iratxe Sortzabalek sortu du pertsonaia horri buruzko ipuina. Adi-adi entzun zuten herritarrek bere istorioa, eta barre ere egin zuten ipotx bihurriaren ateraldiekin. Jarraian, Morensugea ezagutu zuten ikus-entzuleek, Itziar Morenoren eskutik. Hirugarren ipuina Sara Majarenasek egin zuen: Maritxipi eta amatxo. Neska gaztea da Maritxipi, eta espetxean dauka ama. Haurrak ez du ulertzen zergatik ezin duen egon beti amarekin, kartzela barruan bada ere. Elkarrekin dauden momentuetan primeran pasatzen dute biek, eta amak gauza asko irakasten dizkio alabari. Adibidez: "Barre egiten baduzu, ez zaituzte inoiz harresi artean sartuko". Joxe Mari Carrerek kontatu zuen ipuina. Beste bietan herriko hainbat musikarik parte hartu zuten, hitzei doinua jarriz. Joseba Tapia musikariak bideotxo bat egin zuen, besarkada estu bat bidaliz euskal preso guztiei.

Azken istorio hori entzutera hainbat neska-mutil igo ziren, Pil ipotxarekin batera. Bukatutakoan, kantuan eta dantzan egin zuten oholtza gainean, irribarretsu. Bukaeran, bizkarrean zeramatzaten motxilak airera bota zituzten, euskal presoen seme-alabek jasan behar izaten duten zama astuna irudikatuz. 

Haurrek bukatu eta berehala, errezitaldiko azken momentua: urtarrilaren 12ko manifestazio nazionalera joateko deialdia. Urtero lez, Bilbon eta Baionan elkartuko dira milaka pertsona. 17:00etan hasiko da manifestazio hori. Errezitaldian parte hartu zuten artistek eta ekimenaren antolatzaileek egin zieten gonbitea ikus-entzuleei, oholtza gainetik, txalo artean.