Errege Magoak Lasarte-Oriara iristear dira

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urtarrilaren 4a

Herriko kaleetan barrena desfilea egingo dute, baina horren aurretik, Brigidatarren komentuan elkartuko dira lasarteoriatarrekin

Ibilbide luzea egin eta gero, larunbatean iritsiko dira Errege Magoak Lasarte-Oriara. Goizean, Atsobakarreko egoitzako egoiliarrak bisitatuko dituzte. 11:00etan bilduko dira erresidentzian, eta eguerdian, tailer txiki bat, photocall-a, eta pajeekin egoteko aukera izango dute lasarteoriatar txikiek.

Arratsaldean, berriz, 16:30ean Brigidatarren komentuan ordu eta laurdeneko geldialdia eginez elkartuko dira herriko haur eta gaztetxoekin. Eskatutako oparien berri eman ahal izango diete etxeko txikienek hiru erregeei. Komentuko monjei bisita egin, eta herriko kaleetan barrena desfilean irtengo dira gero.

18:30ean abiatuko da desfilea. Oria etorbidetik irtengo dira, eta zirkuitu ibilbidetik pasa ostean, Kale Nagusira iritsiko dira. Ola kalea zeharkatuko dute gero, eta Brigidatarren komentutik berriz ere Kale Nagusira sartuko dira. Bertatik, Hipodromo etorbidera joan, eta Pablo Mutiozabal kalera iritsiko dira. Hortik Iñigo de Loiolara, eta Geltoki kalea zeharkatu ostean, Okendo plazan amaituko dute. Merceron antzezpena egingo dute, eta ekitaldiarekin amaitzeko, udaletxeko balkoira igoko dira, herritarrak agurtzera.