Urtea agurtu dute lasarteoriatarrek, mozorrotuta eta giro onean

Urtea agurtu dute lasarteoriatarrek, mozorrotuta eta giro onean
San Silvestre lasterketak 400 parte hartzaile baino gehiago bildu ditu. TXINTXARRI-ri omenalditxoa egin diote, aldizkariaren 25. urteurrena ospatzeko

Giro freskoa egin du Lasarte-Orian urteko azken egunean. Baina azkar berotu dituzte kaleak herritarrek. Ez bakarrik San Silvestre lasterketan parte hartu duten 400 pertsonak baino gehiagok; ekitaldiak jende mordoa atera du kalera, giro onean urtea agurtzera. Argazki galeria ikus daiteke hemen

15:00etan hasi dituzte beroketa ariketak, musika eta gimnasia uztartzen. Minutuak pasa ahala joan da plaza mozorroz betetzen. Prozesioan zihoazen San Silbester Staloneren jarraitzaileak; zakurtxoek zaindutako artaldea; Txema Valles eta Isaac Farre argazkilariak; herriko pilotariak eta futbolariak; Gabonetako pinuko bolatxoak... Patinatzaileak atera dira hasieran, eta ondoren lasterkariak. Ipar martxakoek itxi dute lasterketa. Halere, aurretik omenalditxoa egin dute; 1 dortsala eman diete TXINTXARRI aldizkariko langileei, 25. urteurrena ospatzeko. Urte horietan guztietan aldizkarian lan egin duten eta lagundu duten guztiak izan dituzte gogoan. 

Baina egun osoko egitaraua prestatu dute San Silvestreko antolatzaileek. Goizean pintxo-pote solidarioa egin dute. Aurten Jalgune elkartekoentzat izan da jendeak utzitako dirua. Txistorra, garagardoa eta salda beroa eskaini diete Okendora hurbildu direnei. 

Hotza egin arren, eguraldiak lagundu du aurten, euririk ez baitu egin. Ez da aparteko arazorik izan lasterketan. Ibilbidean zehar herritar asko gerturatu dira lasterkariak animatzera. Antolatzaileek kirol proba desberdina izatea nahi dute, eta, horregatik, ez da lasterketa lehiakorra. Alegia, ez dute kronometroa martxan jarri. Mozorroak sustatzeko, ordea, originalenei saria eman diete. Aurten lehia estua izan da. Kuadrillako lehen saria ipar martxako artaldeak eraman du. Binakakoena, berriz, ibiltzeko makuluekin korri egin dute aiton-amonak. Eta, azkenik, norbanakoetan komunez jantzitakoak irabazi du. Edonola ere, sariak gorabehera, jai giroan lasterketa jendetsua egitea lortu dute antolatzaileek. Gabon zaharreko afariari lekua egiteko modu ezinhobea.