Hiru bider hiru, seigarrenez

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko abe. 30a, 19:07
Egun osoko kirol ekitaldiarekin itxi du Ostadar Saskibaloiak 2018a. 40 taldek parte hartu dute 3x3 txapelketaren seigarren edizioan

Michelingo pilotalekuan jaio zen kirol egitasmoak sei kandela itzali zituen atzo. Ostadar Saskibaloiak makina bat urte daramatza 3x3 txapelketa antolatzen, eta, urtetik urtera, indar gehiago hartzen ari da. Frontoian egin zituzten aurreneko bi edizioak, toki arazoengatik, eta Maialen Chourraut kiroldegian beste lauak. Atzoko zenbait zifra: 40 talde eta 178 jokalari saskibaloiaz gozatzen Maialen Chourraut kiroldegian. 2018. urteari agur esateko modu ezin hobea. Berritasuna izan zena ohitura bilakatu da, eta hainbat taldek gorriz markatuta izaten dute egutegian zita berezi hau. Gipuzkoa osotik etorri dira hainbat talde; Araba eta Nafarroatik ere bai.

09:30ean hasi ziren kantxetako saskietako sareak dantzan. Kategoria gazteenetako jokalariak aritu ziren goizean, eta Ostadar Kirol Egokituko kirolariak ere bai. Arauek ez zeukaten konplikaziorik. Zortzi minutuko partidak ziren, eta puntu gehien saskiratzen zituenak irabazten zuen. Talderen bat 21 puntura iristen bazen denbora agortu aurretik, hark irabazten zuen. Hiruko jaurtiketek bi puntu balio zituzten, eta bakarra beste guztiek. Erasoa hasteko, beharrezkoa zen perimetrotik ateratzea. Horrela pasa ziren segundo, minutu eta orduak, ilundu arte, sari banaketa ekitaldia hasi arte. Izerdia lehortu, eta pozik jaso zituzten sariak irabazleek.

Ostadar Saskibaloiaren koordinatzaile Endika Marrahik eskerrak ematen dizkie parte hartu duten talde guztiei, eta baita Maialen Chourraut kiroldegia eta Lasarte-Oriako Udalari, "txapelketa antolatzeko emandako erraztasun eta laguntzagatik".

Irabazleak, kategoriaka

Talde irabazleen zerrenda kontsulta dezakezue hurrengo lerroetan:

  • Benjamin mutilak: Txanpinoiak.
  • Benjamin neskak: Izartxoak.
  • Alebin mutilak: Los Espartanos.
  • Alebin neskak: Axular.
  • Infantil mutilak: Hot Shooters.
  • Infantil neskak: Las Exterminadoras.
  • Kadete mutilak: Calvo Lloron Mexicano.
  • Kadete neskak: Kadete 04.
  • Junior mutilak: Estudiabantes.
  • Junior neskak: Neis.
  • Senior mutilak: Ternera Loka.
  • Senior neskak: Sokrates eta sofistak.

Argazki galeria