Ahaleginari eta imajinazioari sariak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko abe. 31a, 11:32
Danok Kide elkarteak pozarren banatu ditu jaiotza lehiaketako sariak aurten ere. 74 pertsonak parte hartu dute 26. edizioan

San Pedro eliza eta Azpeitia altzari-denda zena apain-apain daude egunotan. Danok Kideren jaiotza lehiaketan parte hartu duten 74 herritarren lanak bertan daude ikusgai, urtarrilaren 5era arte, larunbata. Ahalegina eta imajinazioa dira antolatzaileek nabarmendu dituzten ezaugarrietako bi. Horiek saritu zituzten atzo eguerdian, elkartearen lokalean, Oria ibaiaren pasealeku ondoan.

Isabel Zuaznabar, Jesus Mari Egizabal eta Pako Hita dira Danok Kide elkarteko kideetako hiru. Eurak arduratu ziren sariak banatzeaz eta parte-hartzaile guztiak zoriontzeaz. "Maila artistiko altua erakutsi duzue, eta imajinazioa eta sormena erabili. Epaimahaiak komeriak izan ditu irabazleak erabakitzeko", nabarmendu zuen Zuaznabarrek. Eva Lizarraga eta Pilar Domingo lasarteoriatarrak arduratu dira lanen kalitatea aztertzeaz eta irabazleak zeintzuk diren erabakitzeaz. "Ordu asko pasa zituzten gure egoitzan, deliberatzen". Kategoria bakoitzeko lehenengo saria eskuratu zuten parte-hartzaileek egurrean egindako garaikurrak ere jaso zituzten. Javier Peña eta Jose Mari Telleriak egin dituzte denak, eskuz. Herritarrak dira horiek ere. Zuaznabarrek jakinarazi zuen 23 lan aurkeztu direla aurtengo edizioan, eta 74 pertsonak parte hartu dutela. Taldetan egin dute lan guztiek. Jose Manuel Mongeren Brancussi akademiako ikasleak izan dira horietako asko. "Jaiotzen bitartez erakutsi duzue posible dela elkarbizitza anaikor bat sustatzea, inor kanpoan utzi gabe. Eskerrik asko", adierazi zuen Zuaznabarrek, hunkituta.

Irabazleen zerrenda

Zuaznabarrek parte-hartzaile guztiak zoriondu zituen, baina esplikatu zuen ez zeudela sariak denentzako, merezi arren. Hala ere, makina bat gutun-azal banatu zituzten berak eta Jesus Mari Egizabalek; kategoria bakoitzeko bina. Adinaren arabera, hizki bat zegokion parte-hartzaile bakoitzari: A, B, C edo D, gazteenetatik hasita helduenetaraino. 

  • A kategoria: Brancussi akademiako ikasle taldea (1go saria) eta Santa Teresa ikastetxeko taldea (2. saria).
  • B kategoria: Brancussi akademiako ikasle taldea eta Adrian Serrano.
  • C kategoria: Sheila Serrano eta Brancussi akademiako ikasle taldea.
  • D kategoria: Sergio Revuelta eta Ana Barrera.