"Herriak herriarentzako eginiko lasterketa da"

"Herriak herriarentzako eginiko lasterketa da"
Laugarren aldiz antolatuko dute urte amaierako lasterketa herrian. Kirol proba bat baino gehiago dela aldarrikatu dute antolatzaileek. "Edonork parte hartu dezakeen festa da"

Lasterketa gaztea izan arren, bizia da Lasarte-Oriako San Silvestre. Laugarren aldia izango du aurten, baina dagoeneko askorentzako zita saihestezina bihurtu da. Ez da ohiko lasterketa bat; badaude  irabaztera ateratzen direnak, baina antolatzaileek beraiek beste era bateko lehia   sustatzen dute. Mozorro onenei saria ematen diete, eta egun osoko egitaraua prestatzen dute. "Kirol festa bat da, ez lehiaketa bat". Helburua argi dute: herritarrak eta ahal bezainbeste eragile inplikatzea, giroa sortzeko. Bost eurotan hartu daiteke dortsala, aldez aurretik. Merceron  jaso daiteke, lasterketa aurreko asteburuan. 

David Sanchez eta David Mateos antolatzaileekin bildu da txintxarri. Lasterketa abiatu zutenean "apustu arriskutsua" egin zuten, ez zekitelako jendeak nola erantzungo zuen. Baina aurreikuspen guztiak gainditu zituzten. 649 pertsonak parte hartu zuten lehenengo aldi horretan. "Dortsal gehiago egin behar izan genituen". Gainera, patinatzaileek eta ipar martxalariek lekua ere badute. 

Hutsune bat bete nahian hasi ziren lanean. "Jendea beste herrietara joaten zen San Silvestre korri egitera. Eta egun horren funtsa galdu egiten zen herrian", adierazi du Mateosek. 

Indar asko jartzen dute korrikalariak mozorrotu daitezen. Horregatik, haiek ere ileordea jantzita atera dira argazkian. "Lehen urtetik jende askok erantzun zuen, eta mozorrotu gabe ateratzen direnak nabarmen geratzen dira", azaldu du Sanchezek. 

Lotsa galtzen joateko antolatzen dute lehenago lasterkarientzako beroketa. Lasterketa baino ordubete lehenago, 15:00etan, elkartuko dira Okendon, lehen ariketak egiteko. "Inauteriak ez izatean, agian baten batek erreparoak izango ditu bestela etxetik mozorrotuta ateratzeko". 

Hasi beroketatik eta helmugara iritsi arte, antolatzaileek asko zaintzen dute giroa. "Musika bide osoan jartzen dugu, bozgorailuak bizikletetan jarrita. Trikitilariak ere egoten dira BM supermerkatuaren inguruan. Okendon DJ bat izango da. Dena giroa sortze aldera". 
Ibilbideak ere laguntzen du lasterketa atsegingarria egitera.  Sei kilometro dira, ipar martxalarientzako zerbait gutxiago. "Asmoa da korri egiteko ohitura ez duenak ere bukatu ahal izatea". 

Halere, baten batzuk izango dituzte zailtasun gehiago, aukeratutako mozorroaren arabera. "Beroa egiten badu, itota iritsiko dira. Eta euria egiten badu, kilo batzuk gehiagorekin". 

Ikusita mozorroak izandako erantzuna, sariak ere aldatu dituzte. "Hoberen mozorrotutako kuadrilla, bikotea eta norbanakoentzako sariak daude. Finean, sariak bideratuta daude mozorroarentzako, eta jendeak ongi hartzen du". 

Iaz erakutsi zuten askok sormen handia dutela. Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak irabazi zuen mozorro onenaren saria. "Beroketan arreta deitu zigun. Gainera, aste batzuk lehenago idatzi zigun, ea posible zitzaion 155 dortsala egokitzea. Ondo pentsatua zuen dena". 

Jalgune elkartea 
Egun osoko festa egin nahi dute urteko azken eguna, eta horretarako egiten dute pintxo-pote solidarioa. Aurten Jalgune elkartearentzat izango da bildutako dirua. "Lasterketa honek gauza on bat du: jende askok parte hartzen du, baina ikusten ere beste jende andana biltzen da", azaldu du Mateosek.  Horrela, "sinbiosi moduko bat" sortzen da lasterketa eta ikusleen artean. "Efektu hori goizera ere pasa nahi dugu, festa luzatzeko. Gainera, bultzatzen dugu herriak lasterketa berea egin dezan, ez dezala ikusi lasterketa lehiakor bat, denori onura egiten digun ekitaldi bat baizik". 

Bestalde, herriko dendarien laguntza eskatzen dute, produktuak zozketatzeko. "Pintxo-pote solidarioan jartzen dugun guztia dendek, harategiek... jartzen dute. Gero haiek beren izena jartzen dute, eta ekarpena egin dutela jakiten da. Haien negozioak sustatzeko baliagarria da gero. Herriarekin herriarentzako lasterketa da".  86 negoziok lagundu dute aurten San Silvestrea. 

1 dortsala 
Urtero pertsona edo talde bati 1 dortsala ematen diote, herriaren alde eginiko lana aitortzeko. Aurten txintxarri-ren 25. urteurrenaz oroitu dira, eta herri aldizkariak jasoko du omenaldia.  
Egun lasterketa egonkortua dagoen arren, hasiera zailak izan zirela onartu dute bi antolatzaileek. "Udalak eta Texas taldeak asko lagundu dute, baina hutsetik egin behar izan dugu dena, eta horrek kezka handia sortzen du, ez dakizulako nola aterako den". Horrexegatik, lehen urtean haien buruari eman zioten 1 dortsala. 

Boluntarioen lana ere, beste lasterketa guztietan bezala, ezinbestekoa dute. "Askok nahiagoko lukete korri egin, edo garagardo bat hartu. Baina haien lanari esker aurrera ateratzen da lasterketa".