Herrira iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 24a, 20:27
Xixuko eta Porrotxekin etorri dira Olentzero eta Mari Domingi, kalejiran. Atseden apur bat hartuko dute orain, gau luzea dutelako aurretik: milaka opari banatuko dituzte herriko etxeetan

Olentzero ikazkina eta Mari Domingi laguna menditik jaitsi dira gaur, urtero legez, milaka opari banatzeko Lasarte-Oriako etxeetan. Arratsaldeko bostak aldera iritsi dira herrira, eta kalejira eginez zeharkatu dituzte kaleak, Xixuko eta Porrotxen laguntzarekin. Bidean hainbat ume zituzten zain, eurak ikusteko irrikitan. Hainbat argazki atera dituzte, eta Olentzerok eskutitz batzuk ere jaso ditu.

Loidibarren pilotalekutik atera dira karrozak. Ttakun KEko Kuadrillategi egitasmoko gazteak zihoazen aurrena, suziak eskuetan. Ondoren, galtzagorriak, koloretako konfetiak botatzen, Porrotx bihurriarekin. Pertsonaia mitologikoak ere animatu dira festara: basajaunak eta lamiak. Azkeneko karrozan zihoazen ikazkina eta Mari Domingi, Xixukorekin. Iñigo Jaka herritarrak gidatu du traktorea, urtero legez.

Erdigunea zeharkatu, eta Okendora

Loidibarrenetik Kale Nagusirantz joan da desfilea. Bertan egon dira hainbat minutuz, Tajamarreko biribilgunean buelta eman eta Hipodromo Etorbiderantz jaisten hasi diren arte. Okendo plaza zuten helmuga. Ttirriki Ttarraka musika eskolako kideak zain zituzten ordurako taula gainean: trikitixa eta panderoa joz, hainbat gabon kanta oholtzaratu dituzte. Bukatu eta gero, arratsaldeko lau protagonistak atera dira, eta baita Mari Teilatuko ere. Olentzerok herritarrekin hitz egin du, eta galdetu die ea ongi portatu diren 2018an. Baietz erantzun dute guztiek, ozen. Olentzerok badaki nork dioen egia eta nork ez: zintzoak izan direnei opari pila bat utziko dizkie, eta bihurriak izan direnei, ikatza. 

Taulatik jaitsi, eta umeen eskutitzak jasotzera abiatu da Olentzero, Mari Domingirekin batera. Patxadaz eseri, eta gaztetxoekin hitz egiten hasi da, jakiteko zeintzuk diren nahi dituzten opariak. Bukatzean, zakua bizkar gainean hartu eta opariak banatzera joango da.

Argazki galeria