Urtetik urtera giro hobea

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko abe. 21a, 21:18
Lasarteoriatar asko atera dira kalera gaur, San Tomas ospatzera. Txistorra otartekoa edo taloa, sagardoa, erromeria eta giro ona. Festa goizaldera arte luzatuko du bat baino gehiagok

Abenduaren 21ean lasarteoriatar asko joaten dira Donostiara edo Azpeitiara, San Tomas eguna ospatzera. Hala daude ohitura. Azken urteetan, ordea, badirudi aldatzen ari dela, Lasarte-Orian sortzen den giroa hobea delako urtetik urtera. Aurtengo San Tomasa adibide bikaina da: Ttakun KEk antolatutako azokan ibili dira herritar asko arratsaldean. Argazki galeria egin dugu arratsaldeko irudi esanguratsuenekin. Txiki geratu da Okendo. Bertako ekintzak bukatu direnean, goizaldera arte jarraituko dute oraindik parranda gogoa zeukatenek, herriko zenbait eragilek prestatutako egitarau bateratuko ekintzez gozatzen. Duela bizpahiru urte ez zen gertatzen horrelakorik.

Arratsalde eta gauean ez ezik, goizean ere giro ederra egon da herrian, eguraldi ona lagun. Sasoeta ikastetxeko ikasleak Okendora jaitsi dira, baserritarrez jantzita. Erdiguneko kaleak alaitu dituzte, kantuekin eta musikarekin.

Bazkaldu eta gero, 17:00etan hasi da festa berriro, Okendon. Ttakun KEk azoka antolatu du beste urte batez, arratsaldean, duela lauzpabost urte egindako apustua mantenduz. Txerrama ikusi dute herritarrek, txistorra zein txokolate taloak eta gaztainak jan dituzte plazako postuetan eta txikienek ikasi dute taloak nola egiten diren, Gazte Klubeko lagunekin. Xumela abesbatzako kideak ere animatu dira festan parte hartzera: plazan elkartu, eta euren errepertorioko onena eskaini dute erdigunean zehar. Erromerian gustura dantzan aritzeko ere egon da tarterik. Bi ordu, zehatzago esanda. Oso laburrak egin zaizkie plazan gorputza astintzen aritu direnei.

Festa, goizaldera arte

Herriko hainbat tabernek ere lagundu dute San Tomas eguneko giroa hobetzen. Egitarau bateratua prestatu dute aurten. Aurrena, trikipoteoa egin dute, 19:00etatik 21:00etara. Ondoren, REMeko karratuan, kontzertuak: Denbora, Bamms eta Bar Remigio taldeek jo dute. Eta, motorrak bero-bero daudenean, elektrotxaranga arituko da ia eguzkia atera arte. 

Negua iritsi da San Tomas egunarekin batera. Eta gabonetako oporrak, herritar askorentzat. Gozatzeko egunak dituzte aurretik.

Bideoteka