Juanito Egaña eta Mari Angeles Carrera: "Mendizalea lehen laguna zen beti; orain ez du agurtzen"

Adrian Garcia 2018ko abe. 22a, 10:30
Adina ez da eragozpen bat betiko zaletasunaz gozatzeko: egunero mendi buelta egiten du Egañak. Ostadarrek saria eman dio aurten, mendiko baloreen transmisioagatik

Bizitza osoa eman dute Juanito Egaña (Lasarte-Oria, 1941) eta Maria Angeles Carrera senar-emazteak mendiari lotuta. Bizitzeko modu bat egin dute mendia, lagun artean eta familian  gozatzeko, balore jakin batzuetan oinarrituta. Mendiaren baloreetan, hain justu: "Eskuzabaltasuna, adiskidetasuna, elkartasuna". GPS eta bestelako gailurik ez zeuden garaitan egiten zituzten txangoak eta espedizioak. Ahoz transmititzen zuten orduan jakintza, gailurrera iristeko bideen eta mendiko bestelako gorabeheren nondik norakoak. Baina ordutik asko aldatu da mendira joateko modua. Gizartea gero eta indibidualistagoa egin den heinean, mendi elkarteak kideak galtzen joan dira. "Orain bakoitza bere kasa doa mendira, eta askok ez dute agurtu ere egiten". 

Zer moduz zaudete? Dirudienez segitzen duzue mendi bueltak ematen.  

Juanito Egaña: Bai, segitzen dut. Har hori sartu zitzaidan gaztetan, eta ohitura horrekin segitzen dut.  

Maria Angeles Carrera: Egunero, egunero joaten da. Txarra edo ona egin. Asko ibili gara elkarrekin, baina belauna gaizki daukat, eta debekatu egin didate. Orain dela 22 urte utzi behar izan nuen mendia.
Faltan botatzen al duzu? 

M.A.C.: Oso gaizki pasa nuen hasieran, oso gaizki. Azkenean zure buruari esan behar diozu ezin duzula, eta beste erremediorik ez dago. Segitzen nuen txangoetara joaten, baina ez nintzen mendira igotzen.

Omenaldia egin zizueten Ostadarrek aurten. Nola hartu zenuten? 

J.E.: Ez nuen espero. Ilusio asko egin zidan gutaz akordatzeak. 

M.A.C.: Mendian gure izateko era horrela izan da: gurekin etortzen zena, nahiz eta ez ezagutu, gure laguna zen. Min hartuta topatu genuen behin bat, lagunak hor utzita, ezin ibili zuela. 

Zer egin zenuten? 

J.E.: Lagunek bakarrik utzi zuten. Baina ospitalera joan behar zuen lehenbailehen. Guk lagundu genuen beraino jaisten. 

M.A.C.: Beheraino jaitsi, elkarrekin bazkaldu, kotxean hartu eta autobusera eraman genuen.

Balore horiek aldatu direla uste duzue

M.A.C.: Mendizalea lehen laguna zen, beti. Orain agur ere ez dizute esaten. Laguna ez da sekula bakarrik utzi behar. 

J.E.: Gauza txar asko entzuten dira oraindik mendian. Zer gertatzen da espedizio askotan? Gauza asko dira mendizalea izatea. 

Nola sortu zitzaizuen mendian ibiltzeko zaletasun hori? 

J.E.: Nik beti egin dut kirola. Soldaduska baino lehenago futbolean aritzen nintzen. Txarra nintzenez, atletismora pasa nintzen. Hernanirekin ibili nintzen korrika. Aita hil zenean, zazpi anai geratu ginen, eta zaharrena nintzenez, kirola utzi eta lanean hasi behar izan nintzen. Gutxienez asteburuak aprobetxatzen nituen mendira joateko. 

M.A.C.: Guk baserria genuen, eta esnea saltzen genuen; jendea etortzen zitzaigun esne bila. Jolasean ibiltzen ginen: "Ezetz igo halako tontorrera". "Baietz". Horrela sartu zitzaidan mendietara joateko harra. 

Nondik ibili zarete? Urruneko espedizioetan parte hartu al duzue? 

J.E.: Alpeetan, Pirinioetan eta Kantauriko mendilerroan. Horrez gain, Euskal Herriko gailur guztiak ezagutzen ditut. 

Egun askotako espedizioak ere eginak dituzu, ezta? 

J.E.: Hemezortzi egunetakoak, 26 egunetakoak... Zeharkaldi onak egin ditut. 

M.A.C.: Transpirenaika egina du; Hondarribitik hasita Pirinio osoa gurutzatu zuen. Santuak ez dakit zer emango ote zion, baina Donejakue bidea hainbatetan egin du. Hemendik eta handik, alde guztietatik. 

Euskal Herrian igotako mendi guztietatik, zein duzue gustukoena? 

J.E.: Asko daude politak: Larrunarri, Txindoki, Udalaitz, Aizkorri... Gertu daudenak bereziki ditut gustuko, askotan joan izan naizelako. 

M.A.C.: Nik ez daukat berezirik, asko gustatzen zaizkit denak.

Santa Barbara elkartean ibili eta gero, Batasuna mendi elkartearen sorreran egon zineten.  

J.E.: Santa Barbaratik atera ginen Batasuna sortzeko. Bost talde ginen: Añorga, Hernani, Usurbil, Orio eta Lasarte. 

M.A.C.: Bost taldeak elkartzen ginen autobusak betetzeko. Ehun bat bazkide baginen. 

Zergatik utzi zenuten Santa Barbara gero Batasuna sortzeko?  

J.E.: Politika asko zegoen tartean, eta nahiago dut horri buruz ez hitz egin. Santa Barbarako presidente nintzen garai hartan. Banandu egin ginen, eta Batasuna sortu genuen. 

Lehen joera gehiago al zegoen mendi elkarteetan biltzeko? 

J.E.: Ez genuen kotxerik ez ezer. Orduan autobusak antolatzen genituen denon artean. Bestela zure kasa joan behar zenuen, trenean edo autobusean. Gero hasi zen jendea independenteago izaten, autoaren laguntzaz. Eta orain mendia masifikatuta dago. 

M.A.C.: Niri pena handia ematen dit. Orain menditik zoaz eta askok ez dute agurtu ere egiten.  

Lehenago ere beharrezkoa zen jakitea nondik joan. Orain Internet eta beste  gailuei esker ez da horren beharrik.  

J.E.: Orain, gainera, GPS eta horrelakoekin... Nik ez dut sekula ibili horrelakorik. Ibili, ibili eta ibili... horrela ikasten genuen. Mendi ondoko herria begiratu mapan, eta horrela orientatzen ginen.  

Beste herrietako elkarteetan berdin pasatzen al da?

J.E.: Bai, inor ez dabil orain. Uste dut Usurbilgoek urtean behin egiten dutela martxa bat, Usurbildik Arantzazura.

Ostadarreko Mendi sailak ere antolatzen ditu oraindik martxak, ezta? 

J.E.: Buruntzakoa antolatzen dute, urte zaharrean. Gero urtero beste bat egiten dute, 40 kilometrokoa edo. 

Haiekin joaten al zara? 

J.E.: Ez. Fortunako martxetan ibiltzen nintzen ni, eta gero nire kasa. Orain dela gutxi hasi dira hori egiten. 73 urterekin utzi nion martxa horietara joateari. 

Urte bukaeran joaten al zara Buruntzara? 

J.E.: Ni beti Aizkorrira joaten nintzen urte bukaeran, eta urteberri egunean Adarrara. 

M.A.C.: Azkenekoan motxila prest zuen, baina erresidentzian amaitu zuen. 

Zer gertatu zitzaizun? 

M.A.C.: Besoan mina zuela, eta ospitalera eraman zuten. Ez zuen joan nahi, motxila prest zuelako mendira joateko. 

J.E.: Hiru esfortzuko proba egin zizkidaten, baina ez zuten ezer antzeman. Etxera joaten utziko zidatela pentsatu nuen, baina eskaner bat egin zidaten, eta azaldu zen arteria bat oztopatua neukala. Duela lau urte izan zen. 

Halere, orain ondo zaude, ezta? 

J.E.: Bai, baina mantsoago joaten naiz, lasaiago. Lehen azkar ibiltzen nintzen. Orain ezin dut inora joan, toki guztietan korrika ibiltzen dira-eta orain. 

M.A.C.: Baina ez diot uzten bakarrik joaten mendira. Lagunekin edozein tokira, baina bakarrik ez. Edozer gauza gertatzen bada... 

Ez al zaizue ondo iruditzen mendian korrika egitea? 

M.A.C.: Niri oso gaizki iruditzen zait. Nik beti esaten dut: mendia bi edo hiru ordutan egin, ez da lekuz aldatuko. Gozatu egin behar da mendian, ez korrika ibili. 

J.E.: Niri ez zait gaizki iruditzen. Gustuko ez dudana da martxa bat antolatzea, oinez egitekoa, eta jendea aprobetxatzea bidea markatuta dagoela korrika egiteko. Bere gisa ez dira joaten mendira, ez dituztelako tokiak ezagutzen. Aprobetxatzen dira besteen martxaz korri egiteko, eta ez zait bidezkoa iruditzen. Bere gisara joan nahi badute, primeran. Uste dut ez dutela irudi ona ematen: mendi altuetan ibiltzen dira galtza motzetan eta zapatiletan. Jende askok imitatu egiten dituzte, eta horrela istripu asko izaten dira. 

Zuhurtzia galdu al da mendian? 

J.E.: Bai. Gainera gero eta zikinkeria gehiago ikusten dut. Ez dute motxila eramaten, dena han uzten dute. 

Esan duzu mendia masifikatuta dagoela. 

J.E.: Badaude Euskal Herrian inor ikusten ez duzun mendiak. Inor ez da egoten, edozein egunetan joanda ere. Txindoki, Adarra, Hernio, Uzturre...  ordea, jende asko egoten da. 

Ikusi al duzue Michelinen jarri duten rokodromo berria? 

J.E.: Ez dut ikusi, baina entzun dut hari buruz hitz egiten. Ondo iruditzen zait. Ikasteko oso ona da, batez ere gazteentzako. 

M.A.C.: Baina orain gazteak ez doaz asko mendira. Denak futbolean daude. Eta sakeleko telefonoa erabiltzen ere espezialistak dira.