Josi eta ikasi, euskal jantzi dotoreak sortzeko

Maddi Zaldua 2018ko abe. 21a, 12:00
Bi hilabete hari eta josteko makina artean pasa ostean, amaitu dute aurtengo Jantzi Tradizionalen ikastaroa. Azkeneko ukituak eginda, prest dituzte jantziak urteari amaiera emateko; San Tomas azokan eta Gabon gauean apain aterako dira plazara

Trebezia ederra erakutsiko dute aurten ere Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako Jantzi Tradizionalen ikastaroko joskinek. Urteroko hitzordua izan da horietako batzuentzat, baina izan da oraingoan ere hutsetik hari tartean murgildu denik ere. Denek ala denek erakutsi dute, ordea, talentu eta gogo handia; ikusi besterik ez da nolako jantzi ederrak egin dituzten. Batzuek zaharrari deskantsu eman eta berria egin dute hemendik aurrera janzteko; beste batzuk, berriz, iloba, biloba, lehengusu edo bikotekidearentzako sortu dituzte jantziak. Koloredunak, mimoz eginak, azken detaileak ere ez die ihesik egin. Irakaslea ere jostun fina, denek elkarrekin lan talde polita osatu dute.

Jantzia egiteko oihalak aukeratzea izan da lehenengo lana, eta behin hori eginda, sortu nahi zuten jantzia egiten hasi dira. Horrela azaldu dio Txintxarri-ri Pilar Arteaga ikasleak: "Gogoa neukan jantzi berri bat egiteko, eta Donostiara joan nintzen gustuko oihalak erostera". 

Baten batek ere aurreko urteetan erabili gabeko telak aprobetxatu ditu aurtengoak egiteko, eta jantzi txukunak osatu dituzte. Batzuek emakumezko zein gizonezkoarentzat euskal jantzi osoa egin dute, baina izan dira pieza sueltoak egin dituztenak ere. 

Modelo berriak

Ausartu dira aurtengo jantzietan modelo berriren bat egitera. Halaxe egin du Arantxa Urkizuk. Urte asko daramatza ikastaroan, eta aurten Ione Artola irakaslearekin hitz eginda, itxitura-irekiera berri bat egin dio gona berriari. 

Oso pozik agertu dira denak lortutako emaitzekin, nahiz eta aitortu duten, hobetu beharreko gauzak ere geratu zaizkiela.

Jantzi tradizionalen ikastaroa amaitu da, baina josten jarraitzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek datorren urtean ere.

Ttakun Kultur Elkarteak, urteroko Titare ikastaro iraunkorra martxan jarriko du urtarrilaren 10etik aurrera. Ostegunetan izango dira saioak, 15:30etik 17:30erako ordutegian, eta bertan parte hartu nahi duenak, izena eman beharko du Ttakun Kultur Elkartean, 943 37 14 48 edota 695 78 53 89 telefono zenbakietan.

Ikastaroan egindako lan guztiak ikusteko, ikus txintxarri.eus atariko galeria.