Futbola eta saskibaloia, Gabonetako menua

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 24a, 11:00
Gabonetako oporraldian kirolaz gozatzeko aukera bat baino gehiago izango dituzte Lasarte-Orian. Eguzkik areto futbol txapelketa antolatu du, eta Ostadar SKTk, berriz, 3x3 saskibaloi txapelketan parte hartzeko aukera eskainiko du hilaren 29an

Gabonetan liga askok atsedenalditxoa hartzen dute, baina sasoi puntua ez galtzeko aukera badago Lasarte-Orian. Izan ere, beste hainbat kirol ekitaldi antolatzen dituzte herriko kirol elkarteek. Nabarmenenak, Eguzkik eta Ostadarrek antolatzen dutena. Abenduaren 26an, asteazkenean, hasiko dute gaztetxoek areto futbol topaketa. Bestalde, 3x3 saskibaloi torneo jokatuko dute hilaren 29an, larunbatez. 

Ez daramatzate urte gehiegi kirol ekitaldi horiek antolatzen, baina dagoeneko Gabonetako menuko ohiko ekintzak bihurtu dira. Izan ere, Maialen Chourraut kiroldegiko eta Michelingo frontoiko harmailak betetzen dituzte urtero.

Areto futboleko Eguzki taldeak bigarren urtez antolatuko du gaztetxoen topaketa. Aurretik Ostadar elkarteko areto futbol sailean antolatzen zituzten. Hiru kategoriatako haurrek jokatuko dute: infantilek, alebinek eta Kirol Eskolakoek. Gehienez zortzi talde arituko dira maila bakoitzean, 24 guztira. Gaur ostiralean itxiko dira izen emateak, baina talde dezentek baieztatu dute parte hartzea, ia denak Lasarte-Oriakoak. Antolatzaileen azken datuen arabera, hemeretzi taldek eman dute izena.  

Ligaxka asteazkenean hasiko dute. Bi talde osatuko dituzte kategoria bakoitzean. Partida guztiak Michelingo kirolgunean jokatuko dituzte. Azken faseko partidak, frontoian. 

Talde bakoitzak 50 euro ordaindu ditu parte hartzeko, baina bueltan opari mordoa jasoko ditu. Elastikoa izango dute parte hartzaile guztiek. Horrez gain, denentzako dominak eta beste hainbat ezusteko izango dituzte. 

Antolatzaileek aurten ere giro polita sortzea espero dute. Iazko partidetan 300 ikus-entzule baino gehiago bildu ziren Michelingo frontoian. Azken fasea urtarrilaren 4ean edo 5ean jokatuko dute; oraindik baieztatzeko du Eguzkik. 

3x3 txapelketa 

Gabonetako beste tradizio saihestezina bihurtzeko bidean da Ostadarrek antolatzen duen 3x3 saskibaloi txapelketa. Aurten seigarren aldia izango du. Kanpoko taldeak ere etorri ohi dira torneoa jokatzera, Gabonetako erreferentzia bihurtu baita: "Udan 3x3ko txapelketen eskaintza handiagoa izaten da,   eta neguan ere aukera hori izateko asmoarekin hasi ginen gu", azaldu dute antolatzaileek. 

Kategoria askotako neska-mutilek parte hartzen dute 3x3koan. Euskarri txikiko partidak izanda, une berean jokatu daitezke partida asko, bost partida askotan. Partidak motzak dira, zortzi minutukoak, baina egun osoan norgehiagoka asko jokatuko dituzte taldeek. Bost saski jarriko dituzte aurten ere, eta kirol egokituak ere bere lekua izango du txapelketan. Hortaz, ordubetean, 30 partida jokatuko dituzte. Abenduaren 29an izango da txapelketa, eta "gogotsu" daude antolatzaileak eguna iristeko.