Urtea amaitzear den honetan, Olentzero, Mari Domingi, Porrotx pailazoa eta Xixuko ahatea batzartu dira. Txondorra egiteko egurra mozten ari direla errepasoa eman diote Lasarte-Orian bizi izan dugun urteari. Denak ados jarri dira gertakizun ederrena zein izan den aukeratzean: EUSKARALDIA. Bakoitzak hitz batez laburbildu du bere aukeraketaren arrazoia.
Xixukok ILUSIOA nabarmendu du. Batez ere, hain lagun dituen haurrena. Nahiz eta EUSKARALDIA haientzat bereziki zuzendua ez izan, koloretako puntuak etxeko balkoi eta leihoetan eskegitzen jardun dira. Ederki ikasi dute, gainera, zer den ahobizi eta belarriprest izatea, eta ikastetxeetan haien familien marrazkia egin ondoren, etxean "nor" den "nor" koloreztatu dute. Haiek izan dira, gainera, animatzaile sutsuenak, eta poz-pozik parte hartu dute antolatutako ekimen guztietan.
Porrotxek ALAITASUNA nabarmendu du. Euskararen alde egitetik euskaraz aritzera hainbeste lagunek hartutako erabakiak sortu dio poza. Gainera, Lasarte-Orian bereziki dute herritarrek sudurra gorritzeko erraztasuna. Abestiak eta bideoklipak grabatzean, Topoko bagoietan azafataz mozorrotu eta bidaiariei jolastuz EUSKARALDIAren berri ematean, herriko plazan kantatu eta dantzatzean, … Euskara bizipoza da gure herrian.
Mari Domingik INDARRA nabarmendu du. Ia 200 pertsona, lepotik poltsak zintzilikatuta, larunbata goiz batez Lasarte-Oriako etxe guztietara hurbildu ziren. Aurpegian margotu daitekeen irribarrerik ederrenarekin tinbrea jo eta EUSKARALDIA zer den azaldu, eta parte hartzera animatu zituzten herrikideak. Ekimen honetan gazteenak 16 urte eta helduenak 84 urte izateak deitu dio atentzioa gure lagunari. Ziur da Euskal Herri osora hedatuko dela hurrengo batetan aurrez hain ausarta eta zaila dirudien ekimena.
Olentzerok ELKARLANA nabarmendu du. Norbanakoak, familiak, lagunarteak, eskolak, elkarteak eta udala bat eginik ikusteak piztu dio arreta Olentzerori. Bera ohituta dago mendialdean eta landa eremuetan auzolanean aritzera, baina Lasarte-Oria bezalako herri batetan denak arraunean elkarrekin ikusteak argitu dio kopeta ikazkinari.
Porrotx eta Xixuko Olentzeroren astoarekin jolasean hasi dira halako batean, eta egoera baliatuz, Mari Domingik bere kezka azaldu dio Olentzerori. Elkarlanak urte osokoa behar duelako izan haren ustez, eta azken boladan, herriko jaietako ur jolasak, udako txokoak, Gabonetako parkea… herrian ekimenik ez duten enpresen esku uzten ari direlako udaleko agintariak, herriko eragileen kaltetan. Olentzerok arrazoia eman dio: "Herria da gorputza, hizkuntza bihotza", kantatzen zuen Mikel Laboak, eta herria higatuz bihotzak nekez egin dezakeela taupa esan dio lagunari. Hala ere, itxaropentsu begiratzen diote biek etorkizunari, azken urte luzeotako elkarlan oparora itzuliko delakoan gure herrira.
Porrotx eta Xixuko itzuli dira haien jolasetik, eta umore ona nagusitu da taldean. TXINTXARRI-ko argazkilariari begira jarri dira denak, eta oihu egin dute elkarrekin.
"BADOA URTE ZAHARRA, BADATOR BERRIA, GORA LASARTE-ORIA ETA AUPA EUSKAL IRRIA!"