'Gure txanda da': Atzegiren boluntariotza, inklusio modura

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 24a, 10:00
Atzegi elkarteak ikusgai egin nahi ditu adimen urritasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna

Atzegi elkarteak Boluntario bila? Gure txanda da kanpaina jarri du martxan. Horren bitartez, adimen urritasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna erakutsi nahi ditu, eta boluntario izateko aukera berriak aurkitu.

"Nabari dugu gero eta pertsona gehiago hurbiltzen zaizkigula boluntario izateko interesarekin. Adimen urritasuna duten pertsonak dira; askok boluntariotzan esperientzia puntualen bat izan dute, eta errepikatu nahi dute, beste zeregin egonkorrago bat bilatu," azpimarratu zuten Atzegiko kideek Buruntzaldeko aurkezpenean.

Atzegik urte batzuk daramatza hainbat erakunderekin lanean: Elikagaien bankuarekin, Lilatoiarekin, Ehunmilak-ekin eta San Silvestre askorekin.  

"Orain arte izan ditugun esperientziak oso baikorrak izan dira bi aldeentzat".  Horregatik, horiek eskertu eta sendotu nahi ditu elkarteak, aurkezpenean aipatu zutenez. 

Aukera berriak

Bide batez, boluntario izateko  aukera berriak eskaini nahi dituzte, pertsona gehiagori jarduerak eskaintzeko. "Atzegin prest gaude erakundeen beharrak aztertzeko, jarraipena egiteko eta sor daitezkeen boluntario lanetan laguntzeko".

Atzegik boluntariotza inklusio modu bezala ikusten du: "Urritasuna duten pertsonek jarduera askotan lagundu dezakete, eta gizarteari ekarpen baliotsua egin diezaiokete. Baliagarri sentitzeko eta besteei laguntzeko grinak ilusioa eta ahalegin handia jartzera eramaten ditu".