Marka pertsonal ugari Neguko Ligako azken jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 21a, 11:15
Abenduaren 29an, Eguberrietako 36. Nazioarteko Saria lehiatzen izango dira Buruntzaldea IKTko igerilariak

Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutuek Neguko Ligari "maila onean" eman zioten amaiera Ordizian. 

Igeriketa taldeko hamabost gazte aritu ziren, eta 21 marka pertsonal ondu zituzten. Horien artean, taldeko lau errekor berri: 200 m. bular probako taldeko 15 urteko errekorra, eta igeriketa egokituko S8ko 50 m. eta 200 m. librekoak eta S14ko 50 m. tximeleta.

Aurtengo Neguko Ligak lau jardunaldi soilik izan ditu. Igerilarien garapena ikusteko zailtasunak ematen ditu, baina Borja Apeztegia gustura agertu da taldeko igerilariek egindako lanarengatik. "Orotara, 88 izan dira gure igerilariek lau jardunaldi hauetan lortutako igerileku laburreko marka berriak".

"Lehiaketa garrantzitsuagoak egutegian gerturatzen joan ahala, eta lehiaketa horietarako parte hartzeak prestatzen goazen heinean, gureek emaitza onak lortuko dituztela uste dugu," esan du.

Igerilarientzat lehen hitzordu garrantzistua abenduaren 29an izango da, Paco Yoldin, Eguberrietako 36. Nazioarteko Sarian. "Denboraldiko benetako lehen azterketa izango da, aurreko denboraldian jada Espainiako zein goragoko mailan aritu ziren taldekideentzat, eta baita besteentzat ere".

Bestalde, Gipuzkoako Kluben Koparako sailkapenen zain dago Buruntzaldea IKT. "Neguko Ligako lau jardunalditan zehar lortutako puntuazioaren arabera,  A edo B sailkapenak egongo dira,  eta horren arabera lehiatuko da taldea".