Amaitu da 2019ko aurrekontuetarako udalak martxan jarritako parte hartze prozesuaren bigarren fasea. Azaroaren 22tik abenduaren 13ra bitartean, herritarrek aurkeztutako proiektuen balorazio teknikoa egin dute, eta emaitzak jakinarazi dituzte. Gehienez 50 punturekin baloratu dira, eta gutxienez 25 lortzea ezinbestekoa izan da aurrera egiteko. Zortzi proiektu aurkeztu dituzte guztira, eta horietatik hiru gehituko dira aurrekontuen proiektuan.
Eskaera ezberdinak egin dituzte lasarteoritarrek. Askatasunaren parkea estaltzeko eskaera izan da horietako bat. Estalkia Brigidatarren komentuari eusteko proposatuta, atzera bota dute balorazio teknikoan; izan ere, komentuko pareta ondare historikoa da, eta udalak eurekin sinatuta duen kontratuak, gainera, bistak gordeko direla zehazten da.
Bigarren proiektu batean, herriko haur parke bat estaltzea eskatu diote udalari. 120.000 euroko aurrekontua aurkeztu dute. Proiektuak zehaztasunik ez izan arren, "eskuzabal" jokatu dute balorazio teknikoan, eta aurrera jarraituko du. Lasarte-Orian aparkatzeko dauden arazoei ere erreferentzia egin diote parte hartze prozesuan. Aparkaleku gehiago eskatu dituzte, baina zehaztasun faltagatik hori ere kanpo utzi dute.
Aurkeztutako laugarren proiektuak bost proposamen bildu ditu; parke baten estaltzea, argiteriaren hobekuntza, txakurrentzako iturriak, udal langileak kalera irtetea herrian dauden beharrak detektatzeko eta Michelingo jangelan garbiketa. Horietatik parkearen estaltzeak (bigarren proiektuarekin bat eginez) aurrera egin du, eta baita txakurrentzako iturriek ere. Halere, azken hau politikoen balorazioan baztertuta geratu da gero. Bosgarren proiektuan soinu neurgailu bat eskatu dute (30.000 euro), eta hori ere onartuta geratu da.
Elkarte batek, atzerrira egin nahi duen bidaia bat finantzeko eska tu du, baina baztertu egin dute, herriarekiko kontraprestaziorik ez duela izango argudiatuta.
Zumaburuko bizilagun batek, lurrazpiko garajeetan dituzten ur filtrazioak konpontzeko eskatu du, baina jabetza pribatukoak direla argudiatuta, ezezkoa eman diote. Azkenik oholtza mugikor bat eta bi txosna eskatu dituzte zortzigarren proposamenean. 200.000 euroko aurrekontuarekin onartu egin dute. Onartutako proiektu guztiek 350.000 euroko aurrekontua osatzen dutenez, denak egikarituko dituzte.