Aterpearen seigarren pintxo ibilbidea amaituta, botoak zenbatu eta emaitzak ateratzeko ordua iritsi da; bi irabazle egon dira, baina, oro har, aberasgarria izan da parte hartu duten zortzi tabernentzat. Asteburu osoan mugimendu asko izan dute, eta kontsumitzaile ugarik galdetu die pintxoari buruz. Denera 1.350 pintxo baino gehiago saldu dituzte. Ramon Roteta sukaldariak egin ditu epaimahaikide lanak, eta zenbaketa oso estu baten ostean sailkapena eman du: Bar Lasartek irabazi du. Bestalde, epaimahai herritarraren saria Txartelek irabazi du.
Roteta berak onartu du oso parekatua egon dela txapelketa. Pintxoaren itxura, zaporeen konbinazioa, zaporea eta sormena izan ditu kontutan. Irabazleak 34 puntu eskuratu ditu (40 posibletik). Baina 31 punturekin beste lau daude atzetik. Eta gutxien lortu dituenak 29 ditu. Jesus Zaballos alkatearen eskutik jaso du saria Bar Lasarteko Iñaki Mendok eta Aurori Barcia sukaldariak.
Pintxoa dastatutakoen artean erabaki dute bigarren saria, herritarrena. Jakia 1etik 10era puntuatzeko aukera izan dute, eta bataz bestekoa aterata egin dute sailkapena. Txartelek 1.670 pintxo saldu ditu, eta 9,13 puntuazioko bataz bestekoa jaso du. Arrate Mercader sukaldariak jaso du oroigarria. Sari honetan ere lehenengoaren eta azkenekoaren arteko tartea txikia izan da. Zazpi puntu pasatxoko bataz bestekoa jaso du azkenak.
Bar Lasarte eta Arkupe izan dira pintxo gehien saldu dituztenak, 283 eta 212, hurrenez hurren. Halere, kopuruak altuagoak dira, kontsumitzaile denek ez dutelako bozketan parte hartu.
Bozketan parte hartu duten guztien artean 200 euro zozketatu ditu Aterpeak, eta irabazlearen izena ere esan dute: Myriam Sanchez.
Zaballosek parte hartzaile guztiak zoriondu ditu, eta adierazi du horrelako ekimenak garrantzitsuak direla Tratu on bat marka indartzeko. Horretarako, irabazleei gonbidatu die menuan txertatzera pintxo irabazleak.