Kirol-urte bikain bat ixteko modu ezin hobea

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko abe. 18a, 10:57
Iraia Iparragirre futbolaria, Raul Gomez lasterkaria eta Pili Bodegas triatleta saritu ditu Lasarte-Oriako Udalak. 2018ko kirolari nabarmenenak hiru horiek izan direla ebatzi du Kirol Batzordeak, herritarren hamar proposamenak aztertu eta gero

Iraia Iparragirre, Raul Gomez eta Pili Bodegas. Hiru horiek izan dira 2018ko hiru kirolari nabarmenenak Lasarte-Oriako Udalarentzat. Aitortza xume eta beroa jaso zuten hiruek pasa den asteko larunbatean, pleno aretoan. "Kirola egiten hasi zinetenean ziur aski bazenekiten nortzuk zineten, baina oraindik ez dakizue non dagoen zuen muga, ibilbide luzea duzuelako aurretik oraindik. Eredu zarete lasarteoriatar guztiontzat", nabarmendu zuen Jesus Zaballos alkateak ekitaldian.

Herritarrek hamar proposamen egin zituzten 2018ko sarituak aukeratzeko hautaketa prozesua zabalik egon zen bitartean. Hautagaitzak ikusi eta aztertu ostean, Kirol Batzordeak deliberatu zuen Iparragirre, Gomez eta Bodegasek egin zituztela meritu gehien.

Ametsak betetzen 

"Ilusio handia" egin dio Iraia Iparragirreri 2018ko emakumezko kirolari onenaren saria jasotzeak. "Emakumeok zailtasun asko eduki ditugu historian zehar kirola egiteko eta mundu horretan aitortza publikoak jasotzeko", aldarrikatu zuen larunbatean. Realean jokatzen du gaur egun, Iberdrola Ligan, elitean. Laugarren denboraldia du aurtengoa, eta oso ohikoa da bere izen-abizenak hasierako hamaikakoan ikustea. 

2007tik 2011ra Ostadarren jokatu zuen, eta Añorgara egin zuen jauzi urte horretan. Bigarren Mailan aritu zen hainbat urtez, 2015ean Realak fitxatu zuen arte.

Milaka kilometro hanketan

Hilabetean hiru lasterketa baino gehiago egin ditu Raul Gomezek 2018an. Momentuz, 39. Hamalau irabazi ditu, eta beste hamar aldiz igo da podiumera: bosna bigarren eta hirugarren postu pilatu ditu. Aurtengo gizonezko kirolari nabarmenena izateko meritu ugari egin ditu.

"Dibertitzeko eta ariketa fisikoa egiteko" hasi zen lasterka 43 urteko herritarra. 2011n erabaki zuen serio hartzea, eta ordutik sekulako emaitzak lortu ditu, milaka kilometro pilatuz hanketan. Kirolprobak liga bost aldiz irabazi du ordutik. "Eskerrik asko nirekin entrenatzen duten lasterkariei, babesleei eta, nola ez, familiari; arrebak bultzatu ninduen hastera".

Hiru diziplina uztartzen

Itsaso zabaletik bizikleta gainera, eta pedalei eragitetik lasterka egitera. Hiru diziplina uztartzen dituen triatloian aritzen da Pili Bodegas. Beteranoen kategorian zeresan handia ematen ari da 2013tik. Bost urteotan makina bat probatan parte hartu du, bat baino gehiago irabaziz. Orain arte egindako kirol ibilbidea saritu du Kirol Batzordeak.

Triatloiak prestatzeaz gain, bere euskara maila ere entrenatzen ari da Bodegas. Sari banaketa ekitaldian azaldu zuenez, oraindik kosta egiten zaio erraztasunez aritzea, baina hizkuntza horretan eman zituen eskerrak larunbatean. "Espero dut sari hau erreferente izatea herriko emakumeentzat: erakusten du bateragarriak izan daitezkeela lana eta familia, kirol munduan zure ametsak betetzearekin". Andoni Illarramendi senarra eta Akiles semea nabarmendu zituen triatleta zailduak.

Hirugarren urtez banatu ditu udalak sari horiek. Iaz Eneritz Busto atleta, Axier Arteaga pilotaria eta Mikel Etxarri futbol entrenatzailea nabarmendu zituen. 2016an, berriz, Aizpea Arroyo gimnasta, Jon Ander Puertas errugbi jokalaria eta Txema Indias kirol zuzendaria.

Argazki galeria