Buruntzaldea IKTko igerilari gazteak, garapen egokian

Buruntzaldea IKTko igerilari gazteak, garapen egokian
Ainhoa Martinek Castalia Castellon Nazioarteko Sariko 200 bular proban lehiaketako errekor berria ezarri du

Buruntzaldea IKTko igerilariek hainbat proba izan dituzte aurreko asteburuetan. Ainhoa eta Leire Martin ahizpak Gipuzkoako selekzioarekin lehiatu dute XV. Castalia Castellon Nazioarteko Sarian, abenduaren 8an eta 9an; bestalde, abenduaren 1ean alebin, infantil, junior eta absolutuek Ligako 3. jardunaldia izan dute.

XV. Castalia Castellon Nazioarteko Sarian Leire eta Ainhoa Martinek hainbat probatan parte hartu dute. Lehiaketa hau indarrak neurtu eta junior mailako Neguko txapelketa prestatzeko baliagarri izan zaie. 
Ainhoa 200 m. eta 100 m. bular probetako podiumera igo da.  200 m. bular probako urrezko domina jantzi du, txapelketako errekor berria ezarrita: 2:3713.  100 metroko proban, berriz, hirugarren izan da.
Leirek bi laugarren postu eskuratu ditu, 400 m. estilo eta 200 m. bizkar proban.

Ligako jardunaldia 

Horrez gain, infantil, junior eta absolutuek Neguko 3. jardunaldia jokatu dute Hernanin, eta alebinek Andoainen.

Infantil, junior eta absolutuek 22 marka pertsonal berri egin dituzte. "Orokorrean, maila egokian aritu dira igerilariak, batez ere jardunaldi hauetan parte hartzeko prestakuntza berezirik egiten ez dutela kontuan hartuz."

Alebinek 200 m. libre eta 100 m. tximeleta probak egin dituzte Andoaingo jardunaldian, eta gazteetako asko aurreko postuetan izan da. "Hobetzeko eta ikasteko asko duten arren, maila polita dutela erakutsi dute".