Zeroa minus bat eta bataren artean dagoen digitua da. Zenbaki osoa ote den matematikariek ez dute oso garbi. Dietista-nutrizionistek, aldiz, argi dugu: zenbaki arrunta da, arruntegia merkatuko apaletan. Zenbat zero dituzu sukaldean? % 0 koipeak, % 0 azukreak, % 0 edulkoratzaileak… eta bere nutrizio-balioa ere, hutsa. Elikagarriak kenduz janariak urardotzen dira-eta

Zeroa minus bat eta bataren artean dagoen digitua da. Zenbaki osoa ote den matematikariek ez dute oso garbi. Dietista-nutrizionistek, aldiz, argi dugu: zenbaki arrunta da, arruntegia merkatuko apaletan. Zenbat zero dituzu sukaldean? % 0 koipeak, % 0 azukreak, % 0 edulkoratzaileak… eta bere nutrizio-balioa ere, hutsa. Elikagarriak kenduz janariak urardotzen dira-eta.

Hala ere, zero balioa izatea ez da beti baliogabekoa. Laktosa edo gluten gabeko janariak, esaterako, intoleranteentzako moldatu dira. Bere betebeharra dute, baina osagaien trazak, hondarrak izan ditzakete. Alkohol edukiarekin gertatzen da ere bai. % 1,2 baino gutxiago duten edariak “SIN” etiketa daramate eta ez dute aitortu behar zenbatekoa duten; 0,0 zehaztapenak, berriz, batzen dituzten apurrak ditu.

Dena dela, kontsumitzaileok kontsumo eredua eraldatuz goaz: % 0tik (gabekeriatik), km 0ra. Gure elikadura-eredua ez da jasangarria, mauka-mauka Lurra jaten ari gara. 100 km-ren bueltan ekoiztutako produktuak lehenetsita, lortzen dugu: garraio kostuak gutxitzea, hondakinak murriztea eta janariak heltze-une onenean jasotzea. Orain bai, zero hitza bere osotasunean erabilita: zero zabor eta zaporea bere osotasunean bermatuz. Beraz, tokian tokikoak erosiz, hurbileko ekoizleak indartu eta herriko ekonomia garatzen da. Inguru ezkorra utzita, baikorrerantz goaz.

Hurrengo pausoa? Gosea Zero helburua. FAO txostenak dioenez, bederatzi pertsonetatik batek azpielikadura kronikoa pairatzen du. Estutasunean gaude, zerori ere; gure bezero ohiturek eragin handia dutelako: elikadura osasuntsurako, ingurumenerako, ekonomiarako eta besteenganako. Hartu kontrola, aukeratu rola, egin dezagun froga!