Gabonetako kanpaina, urteko azken txanpan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 3a, 19:17
37 dendatan zestoa zozketatuko dute abenduan. Gainera, hilaren 28an eta 29an txu-txu trena jarriko dute Okendon.

Urteko azken kanpainan sartu da Aterpea, “urte bizi baten” ondoren. Balantze azkar bat egin du Ramon Ormazabal merkatarien elkarteko presidenteak. "Helburua lortu dugu, urte hasieran ezarritako ekintzak egin ditugu; ez dira gutxi izan". Hain justu, urte berezia izan 2018a, 25 urte bete baititu herri dendarien eta ostalarien bilguneak. Halere, oraindik urtea ixteko falta zaizkie ekitaldi batzuk: Gabonetako kanpaina.

Berebizikoak dira Gabonak Aterpearentzat, kontsumoak gora egiten baitu urte amaieran. Horretan laguntzen du Gabonetako argiteriak; hilaren 6an inauguratuko dute. "Ahalegin handia egiten du udalak, Gabonetako giroa bizi ahal izateko". Horrekin lotuta, Zestoa eskura ezazu kanpaina abiatu du dendarien elkarteak; 37 dendatan beste horrenbeste zesto zozketatuko dituzte. "Bakoitzak bere bezeroari partizipazio bat emango dio, eta zesto guztien zozketa egingo da abenduaren 28an, bakoitzak beste estlabezimenduan".

Bestalde, abenduan kanpotik erosketak Lasarte-Orian egin ahal izatea erraztu nahi dute. Urte osoan egiten dute kanpaina hori. "Ordubetez aparkalekuan doan utzi ahalko dute autoa erosketak egiteko". Auzotarrei zein beste herritakoei zuzendua dago eskaintza hori. Gainera, Leku guztietan kultura programarekin jarraituko dute. Abenduaren 14an da hurrengo kontzertua, Brigidatarren komentuaren inguruan. Beste bi kontzertu gehiago izango dira abenduan, 20an eta 28an.

Horrez gain, hilaren 28an eta 29an, txu-txu trena jarriko dute; Okendo plazatik irtengo da, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu. Goizez (11:30-14:00) eta arratsaldez (17:00-20:00) arituko da.

Kanpaina mordoa egin ditu Aterpeak urte osoan. Ekintza horien xedea argia da: “Alde batetik, gure bezeroen fideltasuna lortzea, herritarrek Lasarte-Orian gastatzea bultzatzeko”. Bestetik, kultura eta euskara sustatzeko programak lagundu dituzte. “Lasarte-Orian bizi, Lasarte-Orian erosi. Horixe da gure herritarrei helarazi nahi diegun mezua". 2019rako ekintza gehiago aurreikusten ditu elkarteak. Baina Ormazabalek udalarentzako enkargu bat ere utzi du: “Lokal bat behar dugu gure material guztia gordetzeko”.

Lasarte-Oriako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismoko sailari eskerrak eman dizkio Ormazabalek, emandako babesagatik. Baina oso present izan ditu ere herriko eragileak. “Herriko elkarteei esan nahi diet haiekin elkarlanean jarraituko dugula, eta eskerrak eman nahi dizkiet horregatik”. Herriko hedabideak ere goraipatu ditu, kanpainak zabaltzen laguntzeagatik. “Oso lan garrantzitsua egiten duzue, gure herritarrekin komunikatzeko tresnak zareten heinean”.