Larunbatei gorazarre

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 2a, 14:44
Jalgune elkarteak kultur etxea bete du urteroko jaialdian. Larunbat zergatik gustatzen zaizkien azaldu dute: "Gure jendearekin gaudelako"

Nork ez ditu gustuko larunbatak? Izan ere, zenbat gauza egin daitezke egun horietan? Nahi adina lo egin, dantzatu, abestu, magia jokoak egin, telebista ikusi, gehiago dantzatu, berriz ere abestu... Eta, noski, Jalguneko urteko jaialdian dibertitu. Hemen argazki galeria. 

Larunbat honetan egin dute elkarteko kideek urteroko jaialdia, eta, hain zuzen, asteburuko egun horri gorazarre egiteko erabili dute. Erakutsi dute zergatik gustatzen zaizkien bereziki asteko egun horiek. Jalgunen elkartzen direlako denak, kide eta begiraleak, bazkal ostean. Ongi pasatzeko eta aisiaz gozatzeko bakarrik ez, beste gauza asko ere egiten dituzte. Joxerra Gonzalezek argi azaldu du: elkarri laguntzen ikasten dute, bakoitzak gaitasun desberdinak izan arren, denak berdinak direlako. "Etiketak alde batera uzten badituzue, ezuste politak hartuko dituzue", ohartarazi die ikus-entzuleei.

Halaxe izan baita aurten ere jaialdia; ezuste atsegin bat bestearen atzetik. Berriro ere txiki geratu zaie kultur etxeko oholtza; sarrera guztiak agortuta, eta ilara luzea ikuskizuna ikusteko.

Dantzatzeko trebetasuna erakusteko irrikaz, izerdi patsetan bukatu du batek baino gehiagok. Errepertorio luzea dute Jalgunen. Sevillanak, Semblante Andaluzen laguntzarekin. Euskal abestiak, Zabaleta Auzolanekoekin. Eta boladan dauden beste hamaika kantu, Operación Triunfo-koak barne. 

Halere, dena ez da musika izan. Bideo batzuk ere tartekatu dituzte, galdera batzuei erantzuteko. Ezin ukatu zintzo erantzun ez dutenik. Zer egingo zenuke diru-zorroa kalean aurkituz gero? "Etxera eraman, eltxetxoan sartzeko". Amodioa, adiskidetasuna, generoa eta eguneroko beste kontuak ere izan dituzte hizpide. 

Urte osoan Lasarte-Oriako bizitza sozialean parte hartzen du Jalgunek: inauterietan, Rocioko erromerian, Lasarte-Oria Bai! krosean, udaberri festan, Zabaleko jaietan… "Gaur egun Jalgunerekin edozer gauza egin dezaket, Lasarte-Oriak eskaini egiten didalako", esan du Gonzalezek. Horrexegatik gustatzen zaizkio larunbatak: "Jalgunen ez gara desberdinak, talde bat gara. Txapeldunez osatutako talde bat. Eta podiuma partekatzen dugu Lasarte-Oriako herritarrekin. Larunbatak gustatzen zaizkigu, baina batez ere, konpainiagatik”.