Kultura ekintzak, Gabonen aurrekari

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 1a, 10:00
Jalguneren jaialdia, ipuin kontaketak, antzerkia eta zinea izango dira abenduko kultura agendan, baita Gabonetako ekintzak ere.

Hilabete honetan Gabonetako ekintzak nagusi izango dira, baina bada besterik. 

Jalgune elkartearen Guri... ¡nos gustan los sábados!... eta zuri? jaialdiak emango dio gaur hasiera abenduko agendari.

Bihar, abenduaren 2an, haur eta helduentzako zine saioak izango dira. Haurrek Small Foot filmaren euskarazko bertsioaz gozatuko dute. Helduek Black is beltza filma ikusteko aukera berria izango dute.

Hauetaz gain, hilabete honetan, haur eta gazteek CondoritoStubby, un héroe muy especial eta Cascanueces y los cuatro reinos ikusiko dituzte . Helduen atalean, Girl, Superlópez eta El veredicto. La ley del menor filmak eskainiko dituzte.

Okendo Zinema taldearen eskutik, abenduaren 14an, Cold War filma ikusi ahalko da jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpidatzizkiekin eta Quién te cantará filma, berriz, abenduaren 28an.

Danok Kidek antolatutako Opera zikloaren barruan, abenduaren 12an, Sydneyko Handa operan grabatutako Giacomo Pucciniren Turandot operaren proiekzioaz gozatu ahalko dute operazaleek.

Abenduaren 13an, haur liburutegian, Kontu kantoi ipuin-kontari arituko da 6 eta 8 urte arteko haurrentzat eta Pello Añorgak abenduaren 17an 4 eta 5 urteko haurrei zuzendutako saioa egingo du.

Antzerkiak ere izango du tartea. Abenduaren 22an, Ele! Lorca-Lauaxeta antzerkia taularatuko du Karabansarai Produkzioak; haurrek, berriz, abenduaren 26an, Tomax pailazoaren Hamar urte haur antzerkiaz gozatu ahalko dute. Magia, musika eta umore ona izango dira nagusi.

Musika eta Gabonetako ekintzak

Gabonen aurrekari izango da, Alboka abesbatzaren kontzertua. Abenduaren 15ean, herriko abesbatzak gabon kantez osatutako kontzertua eskainiko du Ama Brigitarren komentuan. 

Lau egun geroago, Udal musika eskolaren txanda izango da. Manuel Lekuonako areto nagusia ikasleen instrumentu hotsez beteko da. Gabon abestiak izango dira nagusi haur, gazte eta helduen osatutako egitarauan.

Gospel kontzertua ere izango da aurten. Abenduaren 29an, Black Harmony Gospel Singers taldeak Manuel Lekuona kultur etxean beltz espiritual doinuak nagusi izango diren kontzertua eskainiko du.

Urteroko hitzorduak ere ezin dira falta. Ttakunen eskutik, San Tomas Eguna ospatuko da abenduaren 21an Okendo Plazan, 17:00etatik aurrera eta abenduaren 24an, Eguberri bezperan, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera jaialdia izango da.

Bestalde, abenduaren 22an Eguberrietako Haurren Parkeak ateak irekiko ditu, hilabete bukaera arte. Aurten ere, hiru gune izango dira haur, gazte eta familiek gozatzeko: Michelingo frontoia, Pista estalia eta Bitarteko pista.