Jalguneko kideak: "Urduritasuna nabaritzen hasi gara, baina emanaldi polita aterako dela ziur gaude"

Maddi Zaldua 2018ko aza. 30a, 11:30
Emanaldi aurreko azken entsegua besterik ez zaie geratzen Jalgune elkarteko kideei aurtengo jaialdirako. Larunbat arratsalde ederra antolatu dute, hamabigarrenez

Ileak tente jartzeko modukoak izaten dira Lasarte-Oriako Jalgune elkartearen urteroko jaialdiak. Koloretsuak bezain alaiak, eta ez da gutxiagorako izango larunbat honetakoa ere. Hamabigarrena ospatuko dute aurten,  eta "ederki pasatzeko modukoa" izango dela iragarri dute. Guri... nos gustan los sabados...eta zuri? lelopean, gozatzeko arratsaldea izango da biharkoa. Abenduaren 3a, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Eguna "beste modu batera" ospatzeko sortu zuten jaialdia, eta gaur egun, elkartearen urteroko hitzordu nagusienetako bat bihurtu da.

Azkeneko "prestaketa txikiak" amaitzeko dituzte,  eta "gogotsu" dira ospakizunerako. Ikasturtea hastearekin batera hasi ziren jaialdian pentsatzen: "Irailean hasi ginen ideiak botatzen eta pixkanaka, denon artean osatu dugu ikuskizuna", azaldu diote Jalguneko kideek Txintxarri-ri; Imanol eta Carlos Timon anaiak, Marga eta Kontxi Zubimendi ahizpak, Oscar  Guinaldo eta Joserra Gonzalez bildu dira aldizkariarekin. Asteburu pasa bat ere egin berri dute, prestaketa orokorrak egin eta emanaldia fintzeko. Orain, kultur etxeko areto nagusian ari dira azken entseguak egiten, eta nerbioak ere nabaritzen dituzte dagoeneko: "Urduri gaude, baina dena oso ondo aterako da".

Aste guztiko neketik indarberritu eta lagun artean igaro ohi dituzte larunbatak Jalgunen: "Astearte, ostegun eta ostiraletan ere klubean elkartzen gara, eta oso ondo pasatzen dugun arren, larunbatak bereziki onak izaten dira". Iratzargailurik gabe esnatu, eta goiza patxadaz igaro ostean, bazkaldu eta gero joaten dira elkartera. "Milaka esperientzia bizi eta elkarbanatzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu Jalgunek". 

Elkartean bertan antolatzen dituzten jarduerez gain, herriko ekintza askotan ere parte hartzen dute. "Beste zenbait ekintzen artean, Inauterietako karroza prestatzen dugu, Ostadarreko ekintzetan parte hartzen dugu, San Pedro jaietako danborradan ere ateratzen gara, eta baita Olentzeroren eta Mari Domingiren etorreran ere". Gustuko dute horietan aritzea: "Herritar ugari ezagutu ditugu,  eta beraiek gu ezagutzeko aukera politak sortu ditugu, ate asko zabaldu dizkigu elkarteak". 

Lasarte-Oriako elkarte askok parte hartzen dute urtero Jalguneren jaialdian, eta aurten ere gonbidatuekin batera arituko dira oholtzan: "Zabaleta Auzolaneko lagunekin dantza egingo dugu, baita Semblante Andaluzekoekin ere". Ttakun Kultur Elkarteko Gazteklubeko lagunek ere magia erakustaldi bat eginez parte hartuko dute. "Poz handia da guretzat Lasarte-Oriako elkarteekin batera milaka ekintzetan elkarrekin aritzea".

Hogei urte baino gehiago

1991. urtean ireki zituen elkarteak ateak. Oso ondo gogoratzen dituzte oraindik ere garai horiek sorrerako urteetatik gaurdaino dabiltzan kideek: "Zumaburuko eliza azpiko lokalean biltzen ginen".  Gure Ametsa izenarekin jaio zen elkartea, baina urte batzuen buruan Jalgune izatera pasa zen. Zumaburutik liburutegi zaharrera lekualdatu ziren, eta azken urteetan Beko kalen dute txokoa. 

Ez dute euren bizitza elkarterik gabe irudikatu ere egin nahi.Urte hauetan guztietan egindako ibilbideak "indarra eta ausardia" eman die, eta Jalguneko begiraleekiko begirunea ere nabaria da. Taldearekin egindako "lan handia" goraipatu dute, eta ohartu dira lan horri esker lortu dutenaz: "Elkar errespetatzen eta entzuten ikasi dugu, lagun talde bat gara eta oso gustura egoten gara elkarrekin". 

Ilusioa eta poza transmititzen dute egiten duten ekintza bakoitzean, eta ingurukoek ez dute gozatzea baino beste aukerarik eurekin. Horregatik, larunbat arratsaldeaz gozatzeko gonbita luzatu diete herritarrei, kultur etxera gerturatu eta jaialdiaz elkarrekin gozatzeko: "Ziur gaude denok elkarrekin oso ondo pasako dugula".

 

Elkarri zorion abestia euskaraz abestuz 

Semblante Andaluz elkarteak askotan esan izan du Jalgune eta biak "familia bat" direla. Halaxe sentitzen dute. Bi elkarteen arteko harremana estua izan da betidanik, eta askotan parte hartu dute batak bestearen emanaldietan. 

Semblanteko kide Jose Perezek zorion ospakizunetarako abesti eder bat sortu zuen orain urte batzuk, eta Semblante Rociero  abesbatzak hainbat emanalditan abestu du. Horrela ezagutu zuen Jalgunek abestia; zorion ospakizun batean abestu zieten.  Horrela, Semblantek urteurrena ospatzen zuela aprobetxatuz, abestia ikasi zuten Jalguneko lagunek, eta ospakizun ekitaldian abestu zieten Semblantekoei. Gazteleraz abestu bazuten ere, estribiloko zatia euskaraz abestu zuten. Hortik etorri zen euskararatzearen ideia. Horretarako, Jon Maia bertsolariari laguntza eskatu, eta harek itzulitako abestia oparitu zioten iragan urtean. Jalgunek Xumelarekin batera abestu zion abestia Semblanteri, jaialdian.

Orain, berriz, opariaren bigarren zatia iritsi da. Azaroaren 10ean euskarazko bertsioa grabatu zuten Usurbilen.  

Grabazioari azken ukituak egiten ari dira, eta datozen egunetarako izango dute prest.