Badator TXINTXARRI-ko webgune berritua

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 15a, 12:32

Astelehenetik aurrera sarean izango da TXINTXARRI-ko atari berria. Barrutik eta kanpotik eraberritua dator, atal, eduki eta antolaketa aldatuta. Horrez gain, egungo joerekin bat eginez, sakelako telefonoetan eta tabletatan egoki ikusteko prestatu dute 

Urte aldaketak zaharberritzeko mugarria izan ohi dira eta haren bueltan jaso zuen txintxarri aldizkariak bere webgune berria. Azken asteetan dena prest uzteko beharrezko ukituak eman dizkiote CodeSyntax etxeko kideek, apain-apain utzi arte. Aurreikusitakoa baino pittin bat geroago bada ere, egun gutxi barru izango duzue irakurleok hura ezagutzeko eta ikusteko parada. Izan ere, astelehenean bertan abian izango baita nobedade eta erabilera berriekin. 

2007an sarera jauzi egin zuen Lasarte-Oriako aldizkariak, eta ordutik, unean uneko joeretara egokitzeko ahalegina egin du, hainbatetan aldaketak burututa. Azken boladan, sakelako gailuak tokia kentzen joan zaizkio mahai gaineko ordenagailuari, eta Interneten aritzeko tresna nagusi bilakatu dira. Horregatik, tabletatan nahiz sakelako telefonoetan ondo bistaratuko den diseinua prestatu dute, eroso irakurtzeko. Halaber, ikus-entzunezko edukiak kalitatea onean ikusteko ere atondu dute webgunea, beti ere, karga azkar eginda. Beraz, hilaren 18tik aurrera txintxarrri.eus-en eskuko gailuekin sartzen zaretenok aldea igarriko duzue. 

Sakontzea erraztu

Lehen begi kolpean azalean nabarituko da berritasuna, itxura aldatuta baitator; bestelako egitura, atalak moldatuta eta gehituta. Albisteak, aldiz,  bloketan banatuta agertuko dira, garrantziaren edo berritasunaren arabera. Halaber, menu berriek nabigazioa erraztuko dute: gaikako kanalak, argazki galeriak... Baita elementuak gai beraren inguruko beste batzuekin lotzea ere. Horren bidez,  sakondu nahi dutenei beste eduki batzuk iradokiko zaizkie; albiste zaharrago, elkarrizketa, bideo, argazki galeria edo PDF batera jauzia klik bakarrera jarrita. 

Hala ere, antolaketa berria baino askoz gehiago dakar webguneak, aldaketa sakonekoa baita. Zerbitzuetan, esaterako, egun badiren zorion-agurrekin eta eskelekin batera, eguraldi iragarpena eta Lasarte-Oriako dendek nahiz profesionalek osatutako gida komertziala ere eskuragarri izango dira. Halaber, papereko Azoka txikiak ere txoko bat izango du aurrerantzean sarean. Beharrek eta nahiek bat egiten dute atal honetan, zerbitzuak edota ondareak salerosi ahal izango dituzte iragarkien bidez. Era berean, agenda ere osatuagoa izango da. Besteak beste, jarduera aurrera eramango duten tokiaren kokapen mapa ere agertuko baita, lekua erraz eta azkar topatu ahal izateko. 

Hobetzeaz gain, altxorrak ondo zaindu behar dira. Horregatik, hemeroteka bere horretan mantenduko da. Hala, zenbaki zaharrak PDFan irakurri eta haien edukian bilaketak egiteko aukera izango da aurrerantzean ere. Hitz gakoa idatzita, 18.000tik gora albiste dituen datu basea arakatzeko aukera ematen du bilatzaileak.

Herritarren parte hartzea sustatzeko komunitatea atalak ere indarra hartuko du, unean-unean aktibatuko diren hainbat aukerekin: inkestak, porrak, elkarrizketa digitalak... 

Nahiz eta barrutik zein kanpotik eraberritu, badira mugiezinak ere. Lasarte-Oriari eta bere herritarrei lotutako albiste guztiak irakurleoi eskura jartzeko helburua, kasu.