Okendo plazan bertan izango du EH Bilduk hauteskundeetarako egoitza. Atzo bertan, ostegunean, inauguratu zuten lokal berria, Kattagorri jolas denda izandakoan. Herritarrak edatera eta mokadutxoa jatera gonbidatu zituzten, eta hautagai berria eta alderdiko lantaldea aurkezteko baliatu zuten. Jon Martinek hartuko dio lekukoa Pablo Barriori.
Hautagaia finkatuta badute ere, zerrendakideak aukeratzeko prozesua ez dago itxita. Izan ere, martxoaren erdialdera arte ezingo da jakin ofizialki nork lagunduko duen Martin udal bozetarako zerrendetan. Edonola ere, babestuta agertu zen hautagaia, Lasarte-Oriako EH Bilduko lantaldeak lagunduta. Tartean daude Uxue Loinaz, Joxe Pikabea, Estitxu Garmendia eta Asier Gorostegi.
Barrio bera ere egon zen aurkezpenean: "Ziklo bat itxi dugu". Izan ere, zerrendak oraindik zehaztu gabe egon arren, gauza bat ziurra da: legealdi honetan egon diren zinegotziek ez dute jarraituko. "Zortzi urteren ondoren, jende berria sartuko da, eta guk baino hobeto egingo dute, ziur nago".
Martinek ere aprobetxatu zuen hitza hartzeko, eta bozetara begira alderdiaren asmoen zertzelada batzuk eman zituen. Herriko elkarte eta erakundeekin elkarlana jarri nahi du erdigunean. "Arlo askotan lan egiten duten elkarteak daude. Egunero-egunero egiten dute Lasarte-Oria biziagoa eta aberatsagoa. Udalaren jarduna sinkronizatu nahi dugu elkarte horiekin guztiekin". Lan horren bidez, "herri kohesionatuagoa" egitea du helburu.
Euskara eta parekidetasuna
Horrez gain, EH Bilduren gidalerroak zehaztu zituen. Izan ere, lan egiteko moduetan bi oinarri finkatu zituen Martinek: parekidetasuna eta euskara. "Betaurreko more batzuk jantzita izango ditugu". Lasarte-Oria hizkuntzaren normalizazioan erreferentea izan dela azaldu zuen, eta bide horretan aurrera egin nahi du EH Bilduk. "Euskararen aldeko apustuari indar berriak emango dizkiogu".
Horretarako "talde indartsua" duela nabarmendu zuen. "Talde polita sortzen ari gara. Konfiantza eta ilusio handia eragiten digu. Erronka hau aurrera aterako dugu".