Deskolokatu xamarra nago aspaldian. Mugak lausotu dira. Katalunian herriari bere etorkizunaz galdetzeagatik buruzagiak kartzelatu dituzte eta egun hauetan epai fartsa bat muntatuko diete bertan jarrai dezaten. Europa zaharreko demokratek txintik ez dute esan. Venezuelan berriz, Guaido delako batek bere burua lehendakaritzat jo du eta Europa zaharreko "demokratek" beraien iritzia (aldekoa gehienek) batere konplexurik gabe eman dute. Esango nuke zenbait garaitan gutxiagogatik armak dantzan jarri izan direla.
Nik gure herrian aspaldion ikusten dudanari buruz bakarrik emango dut nire iritzia. Batetik, indibidualismo bortitz batek jota bizi gara. Neurea, neurea eta neurea bakar bakarrik interesatzen zait. Bai, hala da. Jende asko ikusten dut horrela. Kapitalismo, kontsumismo, eta beste "ismo" batzuen atzaparretan zeharo galduta. Baina bai egia da ere, taldearen mesedetan lan egiten duenik badela zorionez.
Esate baterako: Gure Esku Dagok egin duen lana autodeterminazio eskubidearen alde. Identitatea sendotuz.
Euskaraldia. Oraindaino horrelakorik ez dugu bizi izan. Euskararen alde egotetik, bakoitzaren konpromiso publikora.
Martxoak 8. Iazkoak muga bat jarri zuen eta aurtengoa ere bikaina izango da. Arlo honetan asko dago egiteko, noski, baina heteropatriarkatuari planto! Esango nuke inoiz baino osasuntsuago dagoela.
Jubilatuak. Mobilizazioak beti jende gaztearen gauza zirelakoan geunden. Ba, ez jaunak eta andreak, eredu bikaina ematen ari dira adinekoak. Beraien eskubideengatik eta gureengatik borrokatuz.
Erraustegiaren aurkako mobilizazioak. Izadia eta osasuna arriskuan jartzen dituzten proiekturik ez dugula nahi. Argi eta garbi geratu da. Obra hori egiten ari diren enpresek diseinatutako ezkutuko komunikazio plana azaldu zuen joan den igandean kultur etxean GuraSOS taldeak. Lan bikaina hauena ere.
Eta beste borroka asko giza eskubideen inguruan adibidez. Mobilizazioa eraginkorra dela frogatua dago. Bestela zer dela eta hasi dira orain Espainiako eskuindarrak manifestazioak deitzen?