Asteburu gazi-gozoa errugbi taldeentzat

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 15a, 10:50

Babyauto Zarautz Beltza errugbi taldeko seniorrek ez dute zorterik izan asteburuan. Biek ala biek galdu egin dute Bera Bera eta Sarako Izarraren aurkako partidetan. 18 eta 16 urtez azpikoak, aldiz, aise gailendu zaizkie Gernika-Elorrioko jokalariei

Asteburu gazi-gozoa izan da Babyauto Zarautz-Beltzak errugbi taldearentzat. Seniorrei alde txarra egokitu zitzaien oraingoan, bi taldeek galdu egin baitzuten. Gazteenek, aldiz, garaipen bikoitza lortu zuten Gernika-Elorrio taldeen kontra. 

Astin, Senior Ohorezko B Mailako taldeak Bera Bera izan zuen aurkari, ia klasiko bihurtu den derbian. Ander eta Xabier Rekondo anaiek, Adrian Apaolazak eta Gorka Aristondok partida jokatu zuten. Ondo aritu ziren donostiarrak eta beltzek ez zuten asmatu, saiatu arren. Azken emaitza 7-36 izan zen.

Euskal Ligako 2. mailan, senior B taldeak Sarako Izarra izan zuen aurrez aurre, mugaren beste aldean. Taldeak sailkapenaren bi muturretan daude, eta lapurtarrek argi utzi zuten zergatik diren liderrak, 75-0 irabazita. Beltzek lehen zatiko 30. minutura arte eutsi zioten jokoari, baina, orduan, etxeko jokalariak euren onena ematen hasi ziren.

Asteburuko poza 18 eta 16 urtez azpiko taldeek Michelinen Gernika-Elorrioren aurka lortutako garaipenak izan ziren. Zaharrenen norgehiagoka ondo hasi zuten bizkaitarrek, baina denbora pasa ahala etxekoak nagusitu ziren. Eraso bloke on batekin 77-26 irabazi zuten. Ondoren, 16 urte azpikoek ez zion aukerarik eman bizkaitarrei. 21 entsegu egin zituzten eta bakarra ez zuten jaso. Azken emaitza 133-0 izan zen.