Gora Euskal Selekzioa, Katxiporreta!
Abenduaren 29an Euskal Herria-Katalunia futbol partida jokatuko zen San Mamesen. ESAITek egun osoko jaialdia antolatu zuen Bilbon, festa eta aldarrikapena uztartuz. Gu, Pirritx eta Porrotx Pailazo Taldea, hantxe izan ginen, saio xume bat eskaintzeko.
Kirola maite dugu, jolasa delako, dibertigarria eta osasuntsua delako; taldean bada, hobe. Kirolak aukera ematen du lagun berriak egiteko, eta ez gertukoak bakarrik: mundu mailan kirol jardunaldi asko egiten da urtean zehar. Lau urtean behin, olinpiadak ospatzen dira. Sekulako inbidia sentitzen dugu telebistari begira. Inbidia eta tristura, Euskal Herriak ezin duelako parte hartu. Gustura joango ginateke, beste nazioetako kirolariak ezagutzera eta haien lagun egitera. A ze kolore eta hizkuntza festa! Eta gu, han, denekin nahasian, irrintzika, ikurrina astinduz, txaranga, trikitilari eta guzti!
Guk, partiden eta norgehiagoken aurretik, gure lehiakide izango direnei eskua eman nahi diegu, haiekin batera argazkia atera. Eta kiroltasunez jokatu ostean, irabazi ala galdu, gure emanaldietan egiten dugun bezala, oholtzatik jaitsi eta guztiak besarkatu eta elkarri muxu eman. Gehienetan, besteari zorionak ematea tokatuko zaigu, herri txikia baikara; baina, tarteka, ezustekoren bat emateko gai gara.
Olinpiadetan eta txapelketatan ahalik eta nazio gehienek parte hartzea nahi dugu, horrek dominak lortzeko aukerak gutxitzen dituen arren. Urrezko dominarik baliotsuena elkarren lagun egitea da. Katalunia, Txetxenia, Korsika, Kurdistan, Mendebaldeko Sahara, Quebec, Palestina, Tibet, Eskozia, Euskal Herria… Zergatik ez?
Amona Josefinak dio badaudela "ez eta ez" esateko jaio diren, agintari handi-mandiak, dominak lagunak baino nahiago dituztenak.
Gu, ordea, txikiak gara, baina ez eskasak, eta ametsa egia bihurtzea lortuko dugu. Nola?
Bihotza, burua, eskuak! Sentitu, pentsatu, ekin! Denok elkarrekin!
Hori da euskaldunon sekretua.
Nazio bat, selekzio bat. Gora Euskal Herria, katxiporreta!
Pirritx eta Porrotx
Pailazo Taldea