Aurrera doa Leroy Merlin eraikitzeko prozesua

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 30a, 10:30

Lasarte-Oriako eta Donostiako lurrak bateragarri egiteko behin-behineko plana onartu du udalbatzarrak. EH Bilduren eta PSE-EEren arteko talka sortu du periferiako saltoki handien gaiak. Herri eredua arriskuan ikusten du Pablo Barrio bozeramaileak

Beste urrats bat egin du udalbatzarrak Leroy Merlin altzarien saltoki handia Lasarte-Oriako lurretan eraiki ahal izateko. Ez ohiko biltzarra egin zuten joan den asteazkenean, eta zinegotzi gehienek Donostiako lurrak udalerrikoekin bateragarri egiteko behin-behineko plana onartu zuten. Beste behin, PSE-EEko udal gobernuaren eta oposizioko EH Bilduren arteko talka sortu zuen gaiak. Izan ere, Pablo Barrio  bozeramaile abertzaleak salatu du udalaren proiektua "ingurumen eredu jasangarriaren"  aurkakoa dela. 

Lasarte-Orian ezarriko diren multinazionalei buruzko eztabaida ez da berria, baina oraindik soka luzea ekarriko du, prozesua aurrera joango den heinean. Leroy Merlin Errekalden, eta Lidl, Norauto eta B&B hotela Michelinen eraikiko dituzte hurrengo urteetan. Horren aurka egiteko, Barriok gogora ekarri du  EH Bilduk gobernatzen duen Usurbilgo Udalaren eredua. Michelinen Gureak eta Elkar industriak jarriko dituzte. "Euskal Herriko enpresak; etekinak hemen utziko dituzte, eta lanpostuak sortu. Kultura banatzen duen enpresa bat da". Gainera, EH Bilduren arabera "sekretismo osoz" eraman dute proiektua. 

Agustin Valdivia PSE-EEko Hirigintza zinegotziak erantzun dio oposizioari. Oroitarazi dizkio EH Bilduk gobernatutako beste udalek erakarritako multinazionalak: "Urbil Usurbilen, eta Leroy Merlin bera eta Carrefour Oiartzunen".  Horrenbestez, "koherentzia politikorik eza" leporatu dio koalizioari. "Proiektu hori Lasarte-Orian ez bagenuen egingo, berdin-berdin egingo zuten beste toki batean". 

Bestalde, Promociones Lanondo-Construcciones Mariezcurrena eta udalaren arteko hitzarmen aldaketa onartu zuten, aldeko zortzi  botorekin eta zazpi abstentziorekin. EH Bilduko Kristina Bernal eta ADLOP Ahal du Lasarte-Oria Puedeko Alicia Garcia ez ziren batzarrera bertaratu. 

Azkenik, Euskaren Eguneko adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzarrak, aho batez.