Atsobakarrek bat egin du Gipuzkoako erresidentzien bost eguneko grebarekin

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 28a, 14:36
Azaroaren 26tik 30era bitartean lanuzteak egiten ari dira Atsobakar egoitzako langileak

Hirugarren greba eguna dute gaur Gipuzkoako erresidentzietako langileek. Horien arten Lasarte-Oriako Atsobakar egoitzako langileak ere lanuzteak egiten ari dira. Asteazken goizean ELA sindikatuak Okendon deitutako mobilizazioan parte hartu dute.

Gipuzkoako erresidentzietako langileak hitzarmenaren negoziaketetan jarraitzen dute, baina azken bi asteetan patronalaren aldetik "inolako mugimendurik" ez dela egon salatu dute. ADEGI, GAREN, LARES eta MATIA 2020 patronalek 2017rako eta 2018rako soldaten izozteekin jarraitzeko proposamena egin dutela azaldu dute elkarretaratzean bildutako langileek; "Ez dute inolako urratsik ematen negoziaketan". Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera ere salatu dute; "Zerbitzuaren zuzeneko arduraduna izanik, ez da posizionatzen".

Negoziaketa mahaian ELA sindikatuak gehiengo ordezkaritza du, eta duela 2 urte aurkeztu zuen Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako, eguneko zentroetako eta pisu tutelatuetako langileen lan baldintzak hobetzeko proposamena. Ikusi dute, ordea, patronalaren estrategia "denbora pasatzen uztea" dela, eta azkeneko mahai sektorialean egindako proposamenak "hutsaren hurrengoak izan dira".

Argi dituzte, ordea, negoziaketa bat lortzeko beharrezkoak diren gutxieneko baldintzak: "2017 eta 2018 urterako soldata igoerak jaso behar ditu akordioak eta hori enpresatan gordeta geratu behar da".  ELAk "erantzun serioak" eskatzen dizkio Aldundiari eta baita patronalei ere, "behingoz" aurrera pausuak eman ditzaten. 

Langileen aldarrikapenak 

Hobekuntza ekonomikoak (soldata igoerak, plusen igoerak...), 20 minutuko atsedenaldi ordainduak, lanaldien normalizazioa, ratioen hobekuntzak, norberaren zereginetarako egunak, gaixotasunagatik penalizaziorik ez izatea, 60 urtetik gorako langileentzat erraztasunak eta hobekuntza sozialak eskatzen dituzte egoitzetako langileek beste zenbait  eskakizunekin batera.

Gatazkaren erdigunean sektore feminizatuaren duintasuna jarri dute: "Oraindik ere emakume eta gizonen arteko soldata arrakala ezabatzeko bidea luzea da, baina erakunde publikoek horretan urratsak eman nahi badituzte orain da momentua". 

ELA sindikatutik dei egin diote langile kolektiboari greba egitera animatzeko, baita eskualde bakoitzean deitutako mobilizazioetan parte hartzeko ere.