Gazteen ziber-eskubideak lantzeko ekintzak Gaztelekuan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 27a, 17:00
Lasarte-Oriako gazteek sare sozialen erabilera egokia egin dezaten, aste honetan zehar ziber-eskubideak ardatz izango dituzten dinamikak eta ekintzak egigno dira Gaztelekuan. Herriko alkate Jesus Zaballosek, Txus Alonso Gazteria eta Jaiak batzorde-buruak eta Irati Zuloaga Gazteria eta Jaiak arloko teknikariak aurkeztu dituzte ekintzak

Azaroaren 20a, haur eta gazteen eskubideen eguna da eta hortaz baliatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak gazteen ziber-eskubideak lantzeko ekintzak egitera gonbidatu ditu udalak.

Lasarte-Oriako udalak herriko gazteen sentsibilizazioa eta sare sozialen erabilera egokia sustatzeko helburuarekin, #Eman Like Gaztelekuari ekimena antolatu du 13 eta 17 urte arteko gazteentzat. Larunbatean, abenduaren 1a, dj eta hip hop dantza tailerrak egingo dira. 17:30ean, Unai Muguruza La Furiaren djak ikastaroa eskainiko du; 18:30etatik aurrera, berriz, Go!azeneko Leire Urquijo dantzariak hip hopeko oinarrizko pausoak irakatsiko ditu.

Ikastaroetara hurbiltzen diren gazteek bi pertsona ezagun  horiek haien sare sozialak nola kudeatzen dituzten ezagutuko dute. Solasaldirako tartea ere izango baita.

Horiez gain, aste honetan zehar, Gaztelekuan egiten ohi diren ekintzetan ziber-eskubideak eta betebeharrak landuko dituzte hainbat dinamiken bidez.

Lasarte-Oriako udalak herriko gazteak gonbidatzen ditu ekintza hauetan parte hartzera. "Gurasoek ere gazteak ekintza hauetan parte hartzera animatzea ongi legoke, helburu nagusia gazteen sentsibilizazioa eta horiek sare sozialen erabilera egokia egitea delako," adierazi du alkateak.