Gozatzeko moduko larunbata iragarri du Jalgunek abenduaren lehenerako

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 21a, 17:19
Hamabigarren jaialdia egingo dute abenduaren 1ean kultur etxean. Aurten Zabaleta Auzolaneko, Gazteklubeko eta Semblante Rocieroko lagunek parte hartuko dute taulagainean

Gozatzeko jaialdia iragarri du Jalgune Elkarteak abenduari hasiera emateko. Erlaxatu eta hilabeteko lehen larunbataz, patxadaz disfrutatuko dute emanaldira gerturatuko diren herritarrek.

Larunbatetan, aste guztiko nekeak berreskuratzeko ez dute iratzargailuaren beharrik izaten esnatzeko. Astean zehar baino lo apur bat gehiago eginez ekiten diote egunari, baina ez edonola. "Pozik" esnatzen direla aitortu dute elkarteko kideek astearte arratsaldean jaialdia aurkezteko egindako aurkezpen ekitaldian. "Larunbatak dira gure asteko egunik gustukoenak". Ez dute lanera joan beharrik, eta horregatik umorez ekiten diote egunari goiz-goizetik. Gosaltzeko ordua ere hamaiketakoarenarekin elkartzen zaie gehienetan, eta bazkal ostea iristeko desiatzen egoten dira. "Jalgunen elkartzen gara arratsaldetan, eta lagunartean, izugarri ondo pasatzen dugu".

Elkarteko ekintza dibertigarriez gain, Lasarte-Oriak ere hamaika ekintzetan parte hartzeko aukera eskaintzen die. Beste zenbaiten ekintzen artean, Inauterietako konpartsekin mozorro festaz gozatzen dute urtero. Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin ere une ederrak igaro dituzte, eta 'Hermandad de la Virgen del Rocio'-ko erromerian rocieroak bihurtzen dira Jalguneko herritarrak.

Jaialdi dozena osatuko dute aurtengoarekin. Arratsaldeko 18:00etan zabalduko dituzte kultur etxeko ateak, eta arratsaldeaz gozatzeko euren esku dagoen guztia egingo dutela ziurtatu dute. Horregatik gonbita luzatu dute ekitaldiaz gozatzera animatu daitezen herritarrak, larunbat arratsalde dibertigarria igaro dezaten guztiek batera.