Lasarte-Oriatik mundura

Bizitzan behin izan ohi da aukera horrelako bidaia bat egiteko. Erasmus eta antzeko programei esker, goi mailako ikasketak egiten ari diren pertsonak atzerrian ikasteko beka bat jasotzen dute. Lasarte-Oriako ikasle batzuk aprobetxatu dute aukera horretarako. Arrazoiak sobera daude: atzerriko hizkuntza ikasi, beste kultura batean murgildu, etxetik kanpo moldatzen ikasi, toki berriak ezagutu... Edozein tokitara joanda ere, denek ezaugarri berbera aipatzen dute: aberasgarria. Kanpoan ikasten ari diren hiru ikaslerekin jarri da harremanetan TXINTXARRI, haien esperientziaren berri jakiteko. Halere, herriko ikasle gehiago ere badaude une hauetan atzerrian. Italia, Polonia edo Alemania izan herrialdea, denentzat ari da izaten "esperientzia bakarra"

Eneritz Odriozola: "Etxeko gauzak gehiago baloratzen ditut orain"

Ikasturte osoa Frantzian igaroko du ikasleak, Mediterraneoko Niza hirian. Beste kulturetatik xurgatzeko aukera "aberasgarria" baliatu nahi du Erasmus programan.

Hizkuntzak maite ditu Eneritz Odriozolak. Frantsesa ongi menperatzen du, eta horregatik animatu da Erasmus programa Frantzian egitera. Gasteizen ikasten du Itzupelgintza eta Interpretatzioa, bigarren urtez. Baina Nizan emango du ikasturte osoa, uztailera arte. "Esperientzia ikaragarria da, oso ondo joan dira oraingoz lehen hilabeteak. Ikasle guztiei gomendatuko nieke. Etxeko gauzak hobeto baloratzen ditut orain". 

Hiria aukeratzeko orduan oso kontutan hartu ditu fakultate bakoitzak eskaintzen dituen irakasgaiak. "Nizako fakultateak izen ona du itzulpengintzan". Halere, ikasleak onartu du Mediterraneoko klimak ere lagundu duela aukera horretan. "Hondartza eta kosta urdin-urdin hori oso ederra da".

Odriozolak 8 urte arte ikasi du Hendaian, Landaberrira bueltatu arte. Familia batekin egonaldiak ere eginak ditu Bretainian. Halere, Frantziako kulturaz "hainbeste" ez zekien Erasmusera joan aurretik. "Ikasi nahi nuen Frantziari buruz zerbait gehiago". 

Nizara iritsi berritan "zaila" egin zitzaion. "Ez nuen inor ezagutzen, eta taldetxo bat egin arte beste ikasleekin kosta egiten du. Aurretik uste nuen gauza asko eginak zeudela, ikasgaien matrikulazioa eta beste burokrazia kontuak. Baina dena egiteko dago, bakarrik zaude eta inork ez dizu laguntzen".

Baina Frantziako kulturatik edan bakarrik ez, besteetatik ere xurgatzen ari da Odriozola. Izan ere, kultura askotako jendearekin elkartu da. "Latinoameriako asko, Frantziakoak, Espainiakoak…Talde handi bat gara". Halere, herrialdeko hainbat ohiturara moldatzea kosta egiten zaio.  

Hilabete asko falta zaizkio oraindik Nizan, baina dagoeneko aberasgarria izan zaio esperientzia. "Zure erasotasunetik ihes egiten duzu, eta zuk egin behar diozu aurre datozkizun gauza guztiei". Bestalde, toki askotako jendea ezagutzeak gauzak ikusteko modua alda ditzake. "Zeure burua irekitzen da, estereotipo eta uste asko apurtzen dira".

 

Julene Illarramendi: "Lasaiago hartzen dute dena, ez dute guk bizi dugun estresa"

Hilabete batzuk daramatza Txileko Andres Bello (Viña del Mar) unibertsitatean ikasketak egiten. Valparaiso da bere egoitza nagusia, baina oporraldiak aprobetxatzen ari da herrialdea ezagutzeko.

Ikasketak aitzakiatzat hartuta, itsasoz bestaldera joan da Julene Illarramendi, sei hilabeterako.   Latinoamerikara joango zela argi zuen, baina zein herrialde aukeratu zalantzak izan ditu. Argentina eta Txileren artean egin du aukeraketa, baina ez da hain zaila izan; bera joan aurretik lagun bat izan zuen Txilen ikasten, eta bere esperientzia "ona" jasota egin du hautua. Valparaiso hirian biziko da urtarrila amaierara arte.

Ez zuen herrialdearen inguruko ezagutza handirik: "Oso erlijiosoa, pobrea eta matxista izan zitekeela uste nuen, baina hona iritsitakoan irauli egin dira ideia horiek". Ikasle giro  handia du Valparaisok: "Oso hiri alternatiboa da, irekia". Hogei lagun bizi dira elkarrekin Casa Mariposan, baina horietatik gehienak euskaldunak dira, nahiz eta Alemaniako eta Frantziako  ikasle batzuk ere bizi diren bertan. Txiletarrak ere ezagutu ditu Illarramendik, baina izakeraz ez zaizkio Latinoamerikako beste herrialdeetakoak bezain irekiak iruditu. Erritmo "lasaiagoan" bizi direla antzeman du lasarteoriatarrak: "Lasaiago hartzen dute egunerokoa, ez dute guk bizi dugun estresa, dena azkar egin beharra".

Txilek badauzka berezko zenbait hizkuntza (Mapudunguna, Aimara, Kitxua, Rapanuia), baina zonalde gutxitan mantentzen dira bizirik. Urte luzez Espainiako kolonia izan zen herrialdea, eta horren ondorioz galdu dira horiek. Gaztelaniaz hitz egiten du herritarren gehiengoak, baina Euskal Herrian hitz egiten denarekin alderatuta, "oso ezberdina" da: "Hasieran ez nuen ondo ulertzen, baina pixkanaka ikasten ari naiz". Bertako hitz batzuk erakutsi dizkio TXINTXARRI-ri: Carrete (parranda esan nahi du), Caña (ajea), Vacan (oso ondo). Edozer indarrez baieztatu edo ukatzeko -po gehitzen diote amaieran: Sipo (bai noski).

Lurrikarak eta dardarak

Natura fenomenoak dira herrialdearen berezitasun bat. 2010. urtean jasan zuen Txilek azkeneko lurrikara handia, eta ordutik dardarak izan badira ere, Illarramendiri ez zaio tokatu horiek sentitzea.
Valparaiso ondoan dagoen Viña del Mar hirian ikasten ari da, eta "ezberdintasun handiak" aurkitu ditu. Euskal Herriko ikasgelatan 100 ikasle biltzen diren bitartean, hamahiru ikasle dira Txilen. Irakasleen eta ikasleen arteko harremana "oso gertukoa" da, eta hori "arrotza" egin zaio.

Atzerrian ikasteko programak parrandak eta bidaiak egiteko aitzakiak diren edo ez galdetuta, Valparaison parranda "asko" dagoela azaldu du: "Nahi izanez gero, egunero egin daiteke parranda". Hiriko tabernarik zaharrenean biltzen dira ostegunetan: "Txileko dantza eta musika tipikoaz gozatzen dugu". Kultura, ohitura eta jende berri ugari ezagutzeko esperientzia aberasgarria izaten ari da". 

 

 

Andrea Gonzalez: "Nire bizitzako esperientzia aberasgarriena izaten ari da"

Europa iparraldea ezagutzera joan da Andrea Gonzalez. Zehatzago esanda, Lituaniara, Baltikoko herrialdeetako batera. Vilniuseko unibertsitatean ari da ikasten.

Arratsaldeko bostetarako ilun dago zerua Lituanian. Hotza egiten du: bospasei gradu. Eta irakasleek esaten diote oraindik ez duela ezagutu "benetako hotza" zer den. Sarreratxo hau irakurrita, Baltikoko herrialde horrek ez du ematen oso erakargarria, baina Andrea Gonzalezek ez du hori uste: "Bi hilabete soilik daramatzat hemen, baina nire bizitzako esperientzia aberasgarriena izaten ari da".

Abuztu bukaeran iritsi zen Vilnius hiriburura, eta urtarrila amaierara arte egongo da han. Vytautas Magnas University zentroan ari da ikasten. Lehen Hezkuntzako Gradua hasi zuen 2016ko irailean. Donostian ikasten du, Hezkuntza fakultatean. Beste herrialdeetako ikasleekin harreman oso ona egiten ari da: "Irrikitan daude gure kultura ezagutzeko eta haiena guri erakusteko". 

Klaseak ingelesez jasotzen dituzte Gonzalezek eta Erasmus esperientzia horretan egin dituen lagunek; Vilniuseko kaleetan ere hizkuntza horrekin komunikatzen dira. "Oso zaila" egiten zaio lituaniera, baina hitz solte batzuk ikasi ditu. Telefonoan zerrendatxo bat egin du eguneroko jardunean gehien erabiltzen diren hitzekin eta esaldiekin. Horietako hiru dira sveiki edo laba diena (kaixo esateko bi modu) eta aciu (eskerrik asko). 

1991. urtean independizatu zen Lituania. Errusiarrek makina bat aldiz inbaditu izan dute, eta Alemania ere sartu zen Bigarren Mundu Gerran. "Altxor preziatua" da askatasuna lituaniarrentzat, eta "oso harro" daude herrialde independentea izateaz. "Oso abertzaleak dira; oso ohikoa da Lituaniako bandera edozein tokitan ikustea", dio Gonzalezek.

Vilniuseko toki turistikoenak (Trakai gaztelua, esate baterako) ezagutu ditu, eta baita Lituaniako beste hiri batzuk (Klaipeda). Letonian eta Polonian egon da, eta Laponiara doa datorren astean.

Parranda egiteko aukera asko dago Vilniusen: "Astean lautan atera zaitezke, parranda giroa sekulakoa da". Erasmusa egiten ari diren ikasleei zuzenduta dauden taberna eta diskoteketara joaten da normalean.