Zabaleta auzoak badu pilotalekua

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 15a, 19:00
Urtetako aldarrikapenaren ostean, Zabaleta auzoak igandean pilotalekua inauguratuko du. Pilota jaialdiaz gain, "belle époque" desfilea, babarrun jate herrikoia, bazkaloste girotua eta erromeria izango dira. Pilotalekuko lanek guztira 775.000 euroko kostua izan dute

Urteak dira, Zabaleta auzoko herritarrek pilotalekua eskatzen zutela, Goiegiko Ibarra eta Zabaleta Berriko urbanizatze proiektuaren barruan aurreikusi zen instalazioa eta azaro hasieran amaitu ziren lanak. Igandean, pilotalekuaren irekiera ospatzeko egun osoko jaia antolatu dute Zabaleta Auzolan elkarteko lagunek.

Belle époque garaian girotutako pilota jaialdi berezia izango da. Goizeko 10:00etan, Antoni Blas plazatik hasiko den belle époque desfilea inaugurazio ekitaldiaren aurrekari izango da. 

Zinta moztu ostean, pilota jaialdia izango da. Horretan Intza pilota eskolako infantilek binakako partida jokatuko dute; Ane Arteaga eta Miriam Arrillaga zubietarrak Azpeitiako bikote bat izango du aurrez aurre eta Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak osatutako bikotea berriz, Julen Alberdi eta Iñigo Bikuña bikotearen aurka lehiatuko da. Bikuñak Asperekin aurrekontratua sinatu du eta aurki profesionaletan egingo du debuta.

Kirolaren ostean, babarrun jatea izango da tripak betetzeko. Bazkalostean ez dira ekintzak faltako, bertsoak, abestiak, photocall-a eta jaiari amaiera ederra emateko, Larrian gozo taldearen eskutik, erromeria izango da.

Zabaleta auzolaneko kideek lasarteoriatarrei gonbita egiten diete, jaian parte hartzera. Giroarekin bat egite aldera, "belle époque jantzita edo baserritar jantzita hurbildu daiteke nahi duenak".

Zabaleta Auzolanek 2.100 euroko laguntza jaso du jaialdirako. Horren barne, pilota partidak komun kimikoak eta erromeriako megafonia daude.

Pilotalekua eta erabilera

Zabaletako pilotalekukoak 36m.x15m. ditu; altueran berriz, 14,16 m. Kantxak 10 metro zabalera du eta kontrakantxak 5 m. Frontisak 10 m.x11 m. ditu. Armaila estalia du eta 150 ikusle sar daitezke. "Lasarte-Oriako pilotaleku ireki handiena da," azaldu du alkateak.

Horrez gain, LED argiak eta jaietarako elektrizitate gunea du. "Gauean erabili ahal izateko, pultsadorea egongo da eta bi orduz mantenduko da argia," adierazi du Txus Alonso Kirol zinegotziak.

Erabilera ordutegi bat ere egongo dela jakitera eman dute. "Beste pilotalekuetan bezala, arautegi bat egongo da eta horretan, auzotarren lo orduak errespetatzeko ordutegi bat ezartzen da".

Lanak Zabaleta Berriko ituntze-batzarrak egin ditu eta 525.000 euroko aurrekontua izan du. Estalpea Lasarte-Oriako Udalaren esku zegoen, baina hitzarmen baten bitartez Zabaleta Berriko ituntze-batzarrak egin du. 250.000 euroko kostua izan du.

"Instalazioaz harro"

Datu horiek guztiak Jesus Zaballos alkateak, Txus Alonso Kirol batzordeburuak, Hirigintza batzorde buru Agustin Valdiviak, Borja Rosales udal arkitektoak eta Zabaleta Berriko ituntze-batzarreko kideekin asteartean pilotalekura egindako bisitan eskaini dituzte. 

Agerraldian alkatea "oso harro" agertu zen instalazio honetaz eta auzoaren bilakaeraz.  "Pixkanaka auzoko urbanizatzea amaitzen ari da. Guretzako lehentasuna da auzoek instalazioak izatea. Gainera, beste auzoetan egin edo aurreikusi den bezala, Zabaletak eremu estali bat izango du pilotalekuari esker". Erabilera handia izan dezan espero dute udal eta ituntze-batzarreko ordezkariek.

Egitaraua

10:00etan, belle époque desfilea, plazatik pilotalekura.
10:30ean, inaugurazioa/parodia.
10:45ean, infantilen pilota partida.
11:45ean, senior emakumezkoen pilota partidak
12:45ean, senior gizonezkoen pilota partida.
14:15ean, babarrun jate herrikoia. Ondoren bertsoa, kantak eta photocall-a.
17:30ean, erromeria Larrian gozo taldearen eskutik.