"Terrorismoaren eta motibazio politikoko edozein indarkeriaren biktima guztiak" gogoan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 11a, 19:35
Memoriaren egunaren harira, ekitaldi bat egin du Lasarte-Oriako Udalak. "Motibazio politikoko indarkeriaren biktima guztiak" izan dituzte gogoan. Alderdi guztiek parte hartu dute, PPk salbu

"Terrorismoaren eta motibazio politikoko edozein indarkeriaren biktima guztiak" oroitu zituen atzo goizean Lasarte-Oriako Udalak, Askatasunaren parkean. Udal korporazioko hainbat kidek parte hartu zuten; alderdi guztiek bidali zuten ordezkaritza, PPk ezik. Jesus Zaballos alkateak testu bat irakurri zuen aurrena, eta bost minutuko isilunea gorde zuten gero. Bukatzean, txalo-zaparrada, biktimei eskainia. Ondoren, larrosa zuri bana jarri zuten parte-hartzaileek Gotzon Huegunen Biharraren oroipena plaka gaineko lorontzian. 

"Azterketa kritikoa egin behar dugu guztiok: nola begiratu izan die herriak biktimei? Argi-ilunak daude", esan zuen Zaballosek. 60. eta 80. hamarkadak nabarmendu zituen: "ETAren garai aktiboena izan zen: 586 biktima. Trantsizioan, Francoren diktaduraren aztarnak pairatu zituen gizarteak, eta talde ultraeskuindarrek eta GAL erakunde parapolizialak hainbat pertsona erail zituen. Tortura salaketa ugari egin bazituzten ere, diskriminatu egin zituzten biktimak". Alkateak azpimarratu zuen "funtsezkoa" dela autokritika egitea. "Berandu iritsi zen Euskal Herria biktimen aitortzaren eta erreparazioaren aferara".

Euskal Herri osoan ospatu zuten atzo memoriaren eguna. Lasarte-Oriak ere egin zuen gogoeta, eta oroitu zituen biktimak. 

Argazki galeria