Indarrean hasi dute igeriketa denboraldia Buruntzaldean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 9a, 11:09
Txapelketak hasi dituzte Buruntzaldea IKTko igerilariek, Andoainen eta Ordizian marka pertsonalak onduta

Ongi estreinatu dira Buruntzaldea IKTko igerilariak 2018-2019 denboraldian. Alebinek lehen jardunaldia jokatu zuten urriaren 27an, Ordizian, eta bi igerilarik Gipuzkoako Udarako Txapelketarako sailkapena lortu zuten. Edonola ere, emaitzez harago, ikasteko baliatu dituzte 400 metro estilo librean eta 100 metro bular estiloan egindako probak. "Laburrak diren arren, adin hauetako igerilarientzat erronka handia da, eta esfortzua neurtzen ikasteko eta ausardia ateratzeko baliagarriak dira", azaldu du Borja Apeztegia entrenatzaileak. 

Bestalde, Andoainen Neguko Ligako lehen jardunaldia lehiatu zuten infantil, junior eta absolutuek. Hamasei igerilari aritu ziren guztira, eta 25 marka pertsonal lortu zituzten, taldeko lau errekor berri tartean. Besteak beste, Gipuzkoako Txapelketarako bost sailkapen lortu zituzten. Junior eta seniorreko igerilariek erritmo falta nabaritu arren, ongi moldatu ziren Mikel Esnal, Ainhoa Martin, Leire Martin, Yaiza Martinez eta Nathalia E. Torres.