Plazak girotuko dituzte, Aterpearen eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 9a, 11:30

Aterpea merkatarien elkarteak 'Kultura leku guztietan' kanpaina abiatu du, herriko plazak eta kaleak musikaz betetzeko. Azaroako eta abenduko ostiraletan kontzertuak antolatuko dituzte, "herria dinamizatzeko". Udalaren laguntza jaso dute horretarako

Herriko plazak eta kaleak dinamizatzeko helburua du Aterpea merkatarien eta ostalarien elkarteak. Horretarako, Leku guztietan kultura kanpaina aurkeztu dute, udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Tratu On Bat markaren laguntzarekin. Lasarte-Oriako hainbat txoko girotzeko, kontzertuak antolatu dituzte azaroko eta abenduko ostiraletan. Lehena gaur bertan izango da: Joy Leboy artistak joko du Pablo Mutiozabalen. Kontzertu guztiak bezala, 19:00etan hasiko da ikuskizuna, 20:00ak arte. 

Ramon Ormazabal Aterpeako bozeramaileak esan duenez, askotariko estiloak nahastuko dituzte kontzertu horietan. Azaroko hurrengo kontzertua hilaren 23an izango da. Victor Vega Jazz Triok joko du Jaizkibel plazan. Astebete geroago, ordea, Twin Room taldeak, Josu Jungitu eta Sonia Verak, swing estiloko abesti mitikoak interpretatuko dituzte. 

Abenduan hiru kontzertu antolatuko dituzte. Batetik, Maider Legarreta eta Pablo Costas pop bikoteak joko du Kale Nagusian, Brigidatarren komentuaren ondoan. Hilaren 20an DJ Chill House ikuskizuna egongo da Juan XXIII.aren plazan. Eta azkenik, Eider Elorza Donostiako abeslariak gospel eta gabon-kantak kantatuko ditu abenduaren 28an. 

Jesus Zaballos alkateak Aterpearen bizitasuna goraipatu du. "Kideekin harremanetan jarri ginen, kultura dendetara eramateko. Konturatu ginen ezin genuela guk bakarrik egin, eta Aterpearen esku utzi genuen". Kultura saileko kredituak moldatu, eta elkartera bideratu zituzten. Zaballosek oroitarazi du urtean 25.000 euroko laguntza ematen diola udalak Aterpeari. "Eskualdean gehien jasotzen dutenak dira. Merezi dutelako".