Hirugarren urtez lasarteoriatarrek aurrekontuetan parte hartzeko aukera zabaldu du udalak. Aurreko bi urtetan jasotako kexa eta izandako hutsuneak "hobetuta" osatu dute aurtengorako proiektua. Esleipen prozesua "zehaztea" izan dute helburu 2019rako, eta agiri bat osatu dute horretarako. Proiektuaren balioespenerako irizpide teknikoak argituko ditu txostenak.
Asteazkenean abiarazi zuten prozesuaren lehenengo fasea. Azaroaren 21era bitarte proposamenak aurkezteko epea izango da. Horrela, herritar edo elkarteek beren aurrekontuak aurkeztu ahal izango dituzte. Bi bide izango dituzte horretarako; udal erregistroaren bidez, edo partehartzea@lasarte-oria.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita. Zenbait baldintza bete beharko dituzte interesatuen proposamenek. Lasarte-Oriari edota bertako biztanleei zuzenduta egon beharko dute. Aurrekontuak udalak egikaritzeko eskumena izan behar du, eta 2019. urtean gauzatuko da (ez da hurrengo urteei lotuta izango). Horrekin batera, "zehatza, xehea eta ekonomikoki ebaluagarria" izan beharko du, eta gehienez 500.000 eurokoa izango da. Ingurumen inpaktu positiboa edo inpakturik gabea izatea ere puntuagarri izango da, eta genero, arraza, adin eta bestelako bazterketarik gabea izan beharko dira.
Aurkeztutako aurrekontuarekin batera, izenburua, proposamena egiten duenaren izena eta kontaktua, deskribapena, pertsona onuradunak eta gutxi gorabeherako aurrekontua txertatu beharko dira.
Bigarren fasea
Lehen fasea amaitu eta hurrengo egunean jarriko da martxan bigarrena; azaroaren 22an hasi eta abenduaren 13an amaituko da hori. Aurkeztutako proposamenen balorazio teknikoa egingo dute. Udaleko teknikoekin batera, alderdi politiko guztietako ordezkariek puntuatuko dituzte aurkeztutako proposamenak. Gehienez 50 puntuko balorazioa jaso ahal izango du aurrekontu bakoitzak, eta hirugarren fasera pasatzeko ezinbestekoa izango da gutxienez 25 puntu lortzea. Baldintzak betetzen dituzten aurrekontuek 500.000 eurotik beherako kostua badute, guztiak eramango dituzte aurrera, eta bigarren fasea bertan behera geratuko litzateke. Puntuazioaren xehetasunak udalak web orrialdean jarri ditu ikusgai.
Onartutako proposamenak parte hartze orrien bitartez bozkatu ahal izango dituzte lasarteoriatarrek. Behin kontsulta epea amaituta, 50 puntu esleituko zaizkio herritarren babes handiena jaso duen proiektuari. Gainerakoei, berriz, botoen ehunekoaren arabera emango zaizkie puntuak, proportzionalki.